Zapaterok Gorteak desegiteko dekretua onartu eta hauteskundeetara deitu du

«Egonkortasun handiko legealdia» izan dela eta, horren adierazgarri, 170 lege onartu direla goraipatu du

JOSEBA IRAETA
2008ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Hauteskundeak badatoz. Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluak, Jose Luis Rodriguez Zapatero buru zuela, deialdi ofiziala onartu zuen atzo dekretu bidez. Dekretuan Gorteen desegitea ere zehazten da, eta gaur argitaratu du Espainiako Aldizkari Ofizialak. Ministro Kontseiluaren ostean Zapaterok adierazi zuen«ardura politikoagatik» agortu duela legealdia, eta datozen hauteskundeei begira, jendeari konfiantza eskatzeko «sekula baino indar gehiagorekin» dagoela.

Zapateroren arabera, «erreformez, aldaketez eta aurrerakuntzez beteriko legealdi bat biribildu da». Gainera, bere legealdian Espainiak bizi izan duen «egonkortasun handia» azpimarratu du. Horren lekuko dira, haren ustez, azken lau urteetan onartutako 170 legeak, edota aurrera ateratako lau aurrekontu orokorrak.

Zapateroren esanetan, «ardura demokratikoz hartutako erabaki pertsonal bat izateaz gainera, normaltasun demokratikoaren erakusgarria da» legealdia amaitzea.



ETORKIZUNERAKO URTEAK. Martxoaren 9an bozkatzera joatera animatu ditu herritarrak Espainiako gobernuburuak, eta datozen lau urteak «bereziki garrantzitsuak eta erabakigarriak» izango direla azpimarratu du. «Etorkizuna eraikitzeko urteak izango dira, ez iragana astintzekoak. Gure lorpen handienak indartzeko eta ongizatea zabaltzeko urteak izango dira», adierazi du. «Lanbide gehiago sortzeko urteak izango dira, eskubide gehiago sortzeko urteak. Herrialde handi bat gara, etorkizunik onena merezi dugu, eta horretarako prest gaude», gaineratu du.

Legealdia zaila eta gogorra izan dela uste dutenen aurka, Zapateroren aburuz «ohorea» izan da, eta «indartsu eta motibatuta» dagoela ohartarazi du. Haren aburuz, «errespetuz» agindu du, eta «Espainia eta espainiar guztiak errespetatuagoak izan daitezen» lan egin duela baieztatu du.

Duela lau urte agindutakoen gainean, esandako dena bete duela ulertzen du. «Indarkeria amaitzea edo hori gutxitzea» agindu zuen Zapaterok legealdi hasieran, eta, haren ustez, Zuzenbide Estatuaren tresnen bitartez lortu du helburu hori lau urtetan. «Betiere bizitza babesteko eta heriotzak saihesteko lan egin dugu, Konstituzioa eskuan dugula eta legebiltzarraren gehiengo babesarekin», gaineratu du. T-4ko atentatuaren ondoren ETArekin hitz egin zuela aitortu du. «Nazioarteko erakundeak su-etena ez haustearen alde egin zuten orduan, eta horregatik jarraitu nuen ETArekin negoziatzen», argitu du.



ITXAROPEN «OSO URRIAK». Bakea lortzeko saiakera horien balioa ukatzen ez duen arren, negoziazio prozesu baten itxaropenak «oso urriak» zirela aitortu zuen. Hala ere, «terroristekin ordainsari politikorik ez duela negoziatu» argitu zuen.

Zapateroren esanetan, betetako beste agindu bat, Espainiako egituratzea hobetzea izan da. Horren lekuko dira onartutako sei Estatutu «konstituzionalak».

PPren eta PSOEren indarrak parekatuta daudela dioen inkestari buruz ez du hitz egin nahi izan Espainiako gobernuburuak, eta inkestak aztertzeko benetako eguna martxoaren 9a izango dela nabarmendu du. «Inkesta guztiak errespetatzen ditut, baina herritarrek daukate azken hitza, eta, azken batean, horrek balio du», adierazi du Zapaterok.



HauTeSKunDe eGuTeGia

Gaur. Estatuko Aldizkari Ofizialak atzo onartutako hauteskunde deialdia argitaratuko du.

Urtarrilaren 30etik otsailaren 4ra. Alderdiek beren hautagai zerrendak aurkeztu behar dituzte Hauteskunde Batzordearen aurrean.

Otsailaren 6a. Aurkeztutako hautagai zerrendak argitaratuko dira.

Otsailaren 8a. Hauteskunde Batzordeak hautagai zerrendan egon daitezkeen akatsen berri eman, eta 48 ordutan zuzendu beharko dituzte alderdiek.

Otsailaren 11a. Hauteskunde Batzordeak hautagaiak jakinaraziko dituzte.

Otsailaren 12a. Hautagai-zerrendak argitaratuko dira.

Otsailaren 14a. Aukeratutako zein aukeratu gabeko hautagaiek administrazioarekiko auzien epaitegi zentralean errekurtsoa egiteko daukaten azken eguna.

Otsailaren 16a. Helegiteen gaineko erabakiak aurkezteko azken eguna.

Otsailaren 18a. Auzitegi Konstituzionalari babes eskaera egiteko azken eguna.

Otsailaren 21a. Auzitegi Konstituzionalak erabakia aurkezteko azken eguna.

Otsailaren 22a. Hauteskunde kanpainaren hasiera.

Martxoaren 7a. Hauteskunde kanpainaren amaiera.

Martxoaren 8a. Gogoeta eguna.

Martxoaren 9a. Hauteskunde eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.