Hauteskundeak

Zapaterok nabarmendu du hauteskundeok direla hautagaitza gehien baliogabetu direnak

Espainiako Gobernuaren presidenteak PPren kritikei erantzun die gaur Senatuan eta, haren ustez, “gezurra” da Auzitegi Gorenak Gobernuari EAE-ANVren legez kanporatzea eskatu dionik.

2007ko maiatzaren 9a
17:18
Entzun
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuaren presidenteak gaur goizean Senatuko kontrol saioan esan duenez, “faltsua eta gezurra” da Auzitegi Gorenak igande goizeko autoan Gobernuari EAE-ANVren legez kanporatzearen eskaera eskatu zionik, "PPren esaten duenaren kontra".

Horretaz gain, nabarmendu du, Auzitegi Konstituzionalak helegiteez erabakia hartu aurretik, hauteskunde hauek direla hautagaitza gehien baliogabetu direnak (Euskal Herrian, Abertzale Sozialisten hautesle elkarte denak, EAE-ANVren 133 zerrenda eta independente bat).

PPk berearekin segitu du, Zapatero kritikatuz. “Auzitegi Gorenak esan du [EAE-ANV legez kanpo uzteko eskaera] egin zezakeela Gobernuak, badakiela hori egiten, tresnak badituela, baina ez duela egin nahi izan”, esan du Pio Garcia Escudero PPren bozeramaileak, Senatuan. Haren arabera, “Zapatero etengabe ari da gezurra esaten politika antiterroristan”.

Auzitegi Konstituzionalak egunotan hartuko ditu baliogabetzeez behin betiko erabakiak, eta Zapaterok "zuhutzia" eskatu die alderdi politikoei.

Gobernuak ASri buruzko helegiteak aurkeztu ditu Konstituzionalean

Espainiako Gobernuak, Estatuaren abokatuaren bitartez, Abertzale Sozialistak (AS) izeneko hautesle elkarteei buruzko helegiteak aurkeztu ditu gaur goizean Auzitegi Konstituzionalean, AS elkarteek baliogabetzeaz bere helegiteak sartu eta gero. Auzitegi Gorenak AS elkarte denak balio gabe jo zituen larunbatean, "Batasuna legez kanpoko alderdiaren estrategia" direlakoan.

Estatuaren abokatuaren arabera, Gorenaren erabakiaren bidez "ez dago ideologien kontrako jazarpenik, eta herritarrei ez die eragozten hauteskundeetan aurkeztea euren hautu politikoak defenditzen. Legez kanpoko alderdiaren oinordekorik ez onartzea da egin duena".

Konstituzionalak elkarte horiei buruzko behin betiko erabakiak bihar gauerdia baino lehen hartu beharko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.