Konponbide prozesua

Zapaterok ukatu egin du Espainiako Gobernuak ETArekin ezer hitzartu duela

"Inondik ere ez", horrelaxe erantzun dio Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak Luis del Olmo kazetariari Punto Radio irrati katean, =iGara=i egunkariak astelehenean plazaratutako informazioari buruz galdetu dionean. "ETAren amaiera ikusteko" unerik onena dela berretsi du Zapaterok eta salatu du bereziki oposizioaren aldetik jasaten ari den tratua, ETArekin elkarrizketa prozesua abiatzeagatik. Joan den astelehenean =iGara=i egunkariak kaleratutako informazioa ezeztatu du Zapaterok eta Euskal herritarren etorkizuna euskal herritarrek erabakiko dutela adierazi du, beti ere "legeriaren eta ordenamendu juridikoaren barruan".

2006ko uztailaren 14a
18:10
Entzun
Gara egunkariak prozesua gertutik ezagutzen duten iturriak aipatuz kaleratutako informazioaren arabera, Zapateroren gobernuak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herritarrek erabakitakoa onartzeko konpromisoa hartu zuen ETArekin. Gainera, Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak, Ertzaintzak eta Frantziako poliziak atxiloketarik ez burutzea ere adostu zuten. Bestalde, ETAk pertsonen eta ondasunen aurkako erasorik ez burutzeko hitza eman zuen.

Fernando Lopez Aguilar Justizia ministroak eta Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak ukatu egin zuten Gara egunkariak plazaratutakoa, Zapaterok gaur arte ez du gai horri buruz hitz egin.

Angel Acebes PPko idazkari nagusiak ETArekin zein konpromiso eta akordio erdietsi dituen «argi eta garbi eta lehenbailehen» azaltzeko edo Gara egunkariak kaleratutako informazioa ezeztatzeko eskatu zion Zapaterori astelehenan bertan. Gaur erantzun dio Zapaterok Acebesi: "Inondik ere".

Espainiako Gobernuburuari elkarrizketa egin diote gaur Punto Radio irrati katean. Astelehenean Gara egunkariak kaleratutako informazioa gezurtatu du Zapaterok. Ukatu egin du Espainiako Gobernuak ETArekin akordioa lortu duela eta salatu egin du bereziki PP izaten ari den jarrera.

"Benetan harrigarria iruditzen zait [...] Gobernu honi ez ematea, bereziki oposizioaren aldetik, ETA erakunde terroristarekin abiatutako elkarrizketa prozesu baten aurrean gainerako Gobernuek jaso duten babesa", salatu du Zapaterok. Jarrera hori "onartezina" dela esan du Zapaterok eta gogorarazi du PPk Espainiako Gobernua gidatu zuenean, gainerako alderdien "babes osoa, konfidantza osoa eta diskrezio osoa" izan zituela 1998ko su-etenaren garaian.

Euskal herritarren etorkizunari buruz galdetu diote Zapaterori Punto Radion. "Euskal herritarren etorkizuna euskal herritarren erabakiko dute legeriaren barruan, ordenamendu juridikoaren barruan", zehaztu du. Erabaki horren oinarrian "akordio politiko handi bat" egongo dela dio Zapaterok; "Adostasuna eta elkarbizitza berritu eta Euskadiko ahalik eta indar politiko gehinek biltzen dituena", hain zuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.