Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuaren presidenteak "zorrotz" jokatuko du ETArekin, honek su-etena hausteko erabakia hartu ondotik. Hala esan du gaur goizean, Madrilen, PSOEren zuzendaritzaren bileran.
Haren ustez, ETA da honen su-etenaren hausturaren "erantzule bakarra", "eta erakunde terroristak hemendik aurrera lehen izandako bera izango du aurrean". Hots, "Zuzenbide Estatuaren tresna denak erabiliz Gobernuaren jokabidea terrorismoaren kontra egiteko, Estatuko segurtasun indarren efikazio eta lana, Justiziaren etengabeko jarduna, nazioarteko lankidetza, eta biktimekiko elkartasuna".
Alderdi politikoen "batasuna" eskatu du horretarako. Alderdien bat egite horretarako Zapaterok ez du "baldintzarik" jarriko, eta aurretik egindako akatsen berri emateko ere ez dio inori eskatuko. "Horrela eraikitzen da adostasuna, horrela erakusten da ulermenerako borondatea".
"Bakea" lortu nahi duela adierazi du Zapaterok, "politika bakea erdiesteko erabili behar da, baina ezin da inoiz onartu bakea politikaren truke gisa". Bakea lortzeko, "indarkeria, terrorismo eta mehatxu eza" behar dela uste du.
Su-etenaren bukaeran esan zuen bezala, "indarkeria bukatzeko ahaleginak" egin zituela adierazi du Gobernuaren presidenteak.
ETA-ren su-etena bertan behera.
Zapaterok "zorrotz" jokatuko du ETArekin
Espainiako Gobernuaren presidenteak alderdi politikoen "batasuna" eskatu du, eta ez du baldintzarik jarriko horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu