Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak ezker abertzaleari "egunero beste pauso bat" emateko eskatu dio "indarkeriaren kontra", baina, hala ere, baloratu egin du Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileak atzo esan izana "gogoeta" egingo dutela ETAren azken agiriaz. "Herritarrok ezker abertzaleari indarkeritik aldentzeko eta hura gaitzesteko exijitu behar diogu, baina azkeneko egunetan [ezker abertzalean] egon diren adierazpenak ezin dira nabarmendu gabe utzi", esan du Zapaterok gaur, kazetariekin egindako solasaldian. "Dena dela, zuhurtziaz hartu behar ditugu".
Hain zuzen, "onartu behar dugu ezker abertzaletik, badirela hainbat sektore zintzotasunez esaten digutenak erantzunaren ildo hori irekita mantentzeak nolabait ere sinesgarritasuna kentzen diola su-etenari", esan zuen atzo Otegik ETAren azken agiriaz, erakunde armatuak erantzuteko erabakitasunaz "halako posizio bat mantentzeak nahasmena" sortzen duela eta "ezker abertzaleak gogoeta" egingo duela.
Zapateroren ustez, "gaur-gaurkoz ez dago elkarrizketarako egokierarik", eta ETArekin zeukaten elkarrizketa "hautsita" dagoela esan du. Aurrera begira, baina, "behin betiko bakea lortu ahal izateko ekimenak" egingo dituela esan du Espainiako presidenteak, "gobernu arduratsu batek egin beharrekoa delako, beti".
Halaber, Batasunak hurrengo hauteskundeetan parte hartzeko orain "modurik ez" duela ikusten iritzio dio Zapaterok.
PSE-EEk "lehen aldiz" ikusi du ezker abertzalean "iritziak" daudela indarkeriari buruz
Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak ere gaur baloratu egin ditu Otegiren adierazpenak. "Mundu horretan pasatzen ari dena susmatzen genuen eta atzo ikusi genuena da hori. Politikara eta beraiek deitzen duten prozesu demokratikora begira apustu zintzoa egin dutenak altxatu egin behar beharko lirateke atentatuaren kontra, prozesu demokratikoa eragozten duelako. Horretarako, ezinbesteko oinarria da indarkeriarik eza. Hala, atzo Otegiri lehen aldiz entzun genion aitortzen bide horretan iritziak daudela", esan du gaur Lopezek Radio Euskadin.
PSE-EEko buruzagiaren ustez, ezker abertzaleko kideek "honaino iritsi gara" esan beharko lukete, "pausoak eman behar dituzte eta indarkeriarekin ezin dela inora joan esan. Ea lehenbailehen egiten duten. Hori izango da adierazle sinesgarri bakarra". Bestela, ezker abertzaleak "klandestinitatea eta bazterketa besterik ez" dituela izango adierazi du Lopezek.
Halaber, atentatuaren ondotik ezker abertzalearekin "inolako harremanik ez" dutela izan esan du Lopezek, "ez formalik, ez informalik".
Konponbide prozesua
Zapateroren ustez, "ezin dira nabarmendu gabe utzi" ezker abertzalearen azken adierazpenak
Espainiako Gobernuko presidentearen ustez, "gaur-gaurkoz ez dago elkarrizketarako egokierarik" baina "behin betiko bakea lortu ahal izateko ekimenak" egingo dituela esan du. PSE-EEk "lehen aldiz" ikusi du ezker abertzalean "iritziak" daudela indarkeriari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu