Oskar Matute Alternatibako kidea eta Juan Kruz Aldasoro ezker abertzaleko kidea Zaragozako Unibertsitatean hitzaldia ematekoak ziren gaur iluntzean, baina ezin izan dute. Eskuindar talde bat gerturatu da, istiluak sortu dira entzuleen eta haien artean, Unibertsitateko errektoreak ekitaldia bertan behera utzi du, eta Poliziak aretoa hustu du azkenean. EH Bilduk jakinarazi du Matute eta Aldasoro onik direla, eta eskerrak eman dizkie hitzaldia antolatu dutenei, eta bertaratu direnei.
AVT biktimen elkarteak unibertsitateko errektoreari eskatu zion, herenegun, hitzaldia bertan behera uzteko. Errektoreak uko egin zion, ordea. Ekonomia Fakultatean egitekoa zen hitzaldia gaur, negoziazioaren eta elkarrizketaren aldeko Zaragozako talde batek antolatutakoa. Euskal Herriko "garai berriaz" hitz egin behar zuten Matutek eta Aldasorok. Aretora joan dira, entzuleak ere bai, baina eskuindar talde bat bildu da kanpoaldean. Entzuleen eta kanpoan zirenen artean istiluak sortu dira. Aldasoro eta Matute aldameneko gela batera atera dituzte. Azkenerako, errektoreak ekitaldia bertan behera utzi du, eta Poliziak lekua hustu du. Hitzaldia hasi auretik, eskuindarrek errektoreari eta haren taldeari irain egin diotela azaldu du errektoreak berak, Manuel Lopezek.
Hitzaldia entzutera joandako pertsona talde batek unibertsitatea utzi du, baina eskuindar talde batek jarraitu egin ditu, eta obretarako materialekin eraso egin diete. Atzetik, Espainiako Poliziak identifikatu egin ditu; hogei bat lagun zirela azaldu dute poliziek. Hitzaldia debekatzeko ohiuka elkartu diren eskuindarrak ere identifikatu dituztela eta 60 bat izan direla adierazi du Poliziak.
Adierazpen askatasunaren eta bizikidetza bakean edukitzearen alde hitz egin du Oskar Matutek, prentsarentzat, hitzaldia eten eta gero. Juan Kruz Aldasorok, berriz, iraganean egindako akatsei buruz gogoeta egin behar dela esan du, etorkizunean pentsatzen hasteko.