Zarautzen hilda agertu zen umearen aita kartzelatu dute

Epaileak sekretuan gorde du 41 urteko gizonari zer leporatzen zaion, kasua oraindik ikerketa fasean baitago

ainara arratibel gascon
2010eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Epaileak bermerik gabe espetxera bidali du aurreko astean Zarautzeko (Gipuzkoa) moila ondoan hilik agertutako urte eta erdiko haurraren aita. Dena den, sekretuan gorde du zer leporatzen dioten. Izan ere, kasuak sekretupean jarraitzen du.41 urteko gizona sei orduz egon zen deklaratzen atzo Azpeitiko epaitegian (Gipuzkoa), eta ondoren Martuteneko espetxera eraman zuten.

Aurreko ostegunean agertu zen gorpua, 09:00 aldera, Zarauzko moilatik 100 bat metrora. Haurraren aitak lau ordu lehenago salatu zuen umearen desagertzea. Ertzaintzak berehala atxilotu zuen aita. Izan ere, abuztutik haren kontrako bilatzeko agindua zegoen, epaiketa batera ez agertzeagatik. Gainera, aurrekariak zituen bikotekide ohiari eraso egin, eta alaba bahitzeagatik.

Atxilotuak Ertzaintzari azaldu zionez, Montetxio parke ondoan dagoen txabola batean pasatu zuten gaua. Baina goizaldean neskatoa ez zegoela ikusi zuen. Horregatik desagertzea salatu zuen. Bildutako froga eta deklarazioen ostean, Ertzaintzak homizidioa egotzi zion hurrengo egunean. Baina ez zuen argitu heriotza utzikeriagatik gertatu zen, edo nahita hil zuen urte eta erdiko alaba. Ordutik polizia etxean izan dute gizona, Ertzaintzak ikerketarekin jarraitu duen bitartean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere aldetik, adierazi zuen, ez zutela inoiz «antzeman» amak seme-alabak «egoera babesgabean» zituenik. Gainera aldundiak emandako arreta ere «zuzena» izan zela ziurtatu zuen. «Une oro bere beharrei egokitu zaio, eta bikotekidearen jarrera erasokorrari aurre egiteko».

Autopsiaren emaitzak

Larunbatean jakin ziren haurraren gorpuari egindako autopsiaren emaitzak. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuorde Rafael Iturriagak azaldutakoaren arabera, halako gorpu txikiei egiten zaizkien autopsiek ez dute datu askorik ematen ikerketarako. Baina argitu ahal izan denez,haurrak ez zuen indarkeria zantzurik, eta itota hil zen.«Orain, argitu behar dena da istripuz gertatu zen, edo haurraren heriotza homizidioa izan zen. Baina une honetan arrazoizko zantzuak daude, gertatutakoa homizidioa izan zela pentsatzeko», nabarmendu zuen Iturriagak. Sailburuordeak jakinarazitakoaren arabera, aitak egindako deklarazioak «nahasgarriak» izan dira, eta ez dira «sinesgarriak».

Neskatoaren heriotza salatzeko Zarauzko Udalak larunbatean egindako bilkura isilean hartu zuen parte larunbatean Iturriagak. Elkarretaratzea amaitzean, Jon Urien Zarauzko alkateak aitortu zuen, familiaren aurrekariak jakinda, lehenago hartu beharko liratekeela babes neurriak. Urienek garbi du, hala ere, heriotzaren erruduna aita dela.

Udalak baino ordu erdi lehenago Bilgune Feministak egin zuenelkarretaratzea. Genero indarkeriari aurre egitearen inguruan erakundeek duten «erantzukizun eta ardura falta» salatu zituzten. Udalaren elkarretaratzea herri eragileei, talde feministei eta Berdintasun Kontseiluari ezer jakinarazi gabe antolatu zela salatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.