Zarauzko haurrak ez zuen indarkeria zantzurik, eta itota hil zen, autopsiaren arabera

Bilgune Feministak eta Zarauzko Udalak elkarretaratzeak egin dituzte neskatoaren heriotza salatzeko

ainara arratibel gascon
2010eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Autopsiak argitu du ostegunean Zarautzen (Gipuzkoa) hildaagertu zen urte eta erdiko neskatoaren gorpuak ez zuela indarkeria zantzurik eta itota zenduzela. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuorde Rafael Iturriagak: «Orain, argitu behar dena da istripuzgertatu zen, edo haurraren heriotza homizidioa izan zen. Une honetan arrazoizko zantzuak daude gertatutakoa homizidioa izan zela pentsatzeko. Baina horrek oraingoz ez du ezer esan nahi».

Herenegun egin zioten autopsia haurrari. Iturriagak azaldutakoaren arabera, halako gorpu txikiei egiten zaizkien autopsiek argibide gutxi ematen dituzte ikerketarako. «Argi dagoena da ia ezinezkoa dela haurrak bere kabuz egin izana Montetxioko txabolatik hondartzararaino dagoen bidea». Bien bitartean, Ertzaintzak ikerketarekin jarraitzen du. «Txabolan jasotako frogak zein lekuko posibleek emandakoak aztertzen jarraitzen dupolizia zientifikoak».

Neskatoaren hilotza ostegunean azaldu zen, 09:00 inguruan,Zarauzko moilatik gertu. Lau ordu lehenago, aitak Ertzaintzara deitu zuen, umea desagertu egin zela azalduz. Goizean bertan atxilotu zuten aita. Izan ere, Bilboko epaitegi batek iheslaritzat zuen irailaren 28tik. Gizonezkoak aurrekariak zituen bikotekide ohiari tratu txarrak emategatik eta alaba bahitzeagatik. Homizidioa egotzi zion Ertzaintzak haurraren heriotzagatik, baina ez zuen zehaztu heriotza utzikeriagatik geratu zen, edo nahita hil zuen haurra. Aitaren deklarazioak «nahasgarriak» izan direla nabarmendu du Iturriagak. «Bertsioak aldatuz joan da, beraz, ez dira sinesgarriak». Orrialde hau idazteko orduan oraindik epailearen aurretik igaro gabe zegoen. Haurraren ama, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiak tratatutxarrak jasan dituzten emakumeei laguntzeko harrera etxeetako batean dago, babes neurri gisa.

Urte eta erdiko haurraren heirotza salatzeko Zarauzko Udalak, atzo, 12:30ean, Lege Zaharren enparantzan egindako elkarretaratzean hartu zuen parte Iturriagak. Elkarretaratzea isila izan zen, eta 200 lagun inguruk hartu zuten parte. Han izan ziren, besteak beste, Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Maite Etxaniz Gizarte Gaietarako diputatua, Jon Urien Zarauzko alkatea, Julio Astudillo Gipuzkoako Batzar Nagusietako PSE-EEko bozeramailea eta Arantxa Gonzalez EBko batzarkidea. Jon Urien Zarauzko alkateak adierazi zuen familiaren aurrekariak jakinda lehenago hartu behar zirela neurriak. «Noski, bada zer hobetu, eta horretan denak gaude ados. Baina garbi dago heriotzaren erruduna aita dela».

Udalaren elkarretaratzea baino ordu erdi lehenago, Sorginak Emakume Asanbladak eta Bilgune Feministak deituta beste protesta bat izan zen. «Zarautzen gertatu dena oso larria da, eta arazo sozial eta politiko honen inguruan instituzioek duten erantzukizun eta ardura politiko falta salatu nahi ditugu». Kezkatuta eta haserre daude egoerarekin. «Indarkeriaren aurka hartzen ari diren neurriak eta ezartzen ari diren legeak ez dira nahikoa. Hori garbi geratu da aste honetan. Noizko gaiari errotik heltzeko beharrezkoak diren aurrekontuak?». Hala, atzoko elkarretaratzean txistuen bidez azaldu zieten beren kexa eta ezinegona udalak antolatuko protestara bildutako ordezkari politikoei .

Udalarekin haserre

Elkarretaratzeen harira, kexu dira Zarauzko Udalak izandako jarrerarekin. «Elkarretaratze hau prestatzen ari ginela jakin genuen ordu erdi geroago Zarauzko Udalak beste bat antolatu zuela. Harriturik gaude zer dela-eta udalak ez zigun asmo horren berri eman. Herri eragileei, mugimendu feministari eta Berdintasun Kontseiluari ezer jakinarazi gabe hartutako erabakia izan da». Hala, elkarretaratzearen helburua «beren burua zuritzea» izan dela uste dute.

Lotsagarria iruditzen zaie gertatutakoa. «Indarkeria kasu ezberdinen aurka inoiz kalera protesta egitera ateratzen ez diren horiek gaur aurreneko ilaran egoteko hainbeste interes izatea lotsagarria da».

Hedabideek duten jarrera ere kritikatu dute. «Gaia sentsazionalismoz eta morbo handiarekin lantzen ari dira gehienak, arazoaren benetako erroetara jo beharrean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.