Denboralearen eraginez, olatuek gogor jo dute euskal kostaldea. Abisu laranja ezarria zegoen gaur arte, eta, besteak beste, N-634 errepidea, Zumaia eta Zarautz (Gipuzkoa) lotzen dituena, moztuta egon da. Zarauzko portu txikiak ere kalteak jasan ditu, Zarauzko Hitzak jakinarazi duenez.
Itsasoak portuko horma zulatu du gaur, goizeko 6:30 aldera, mareagorarekin batera. Inguruan den baranda bat ere hautsi dute olatuek. Datozen egunetarako ere 4 eta 5 metroko olatuak espero dira, eta baliteke itsasoaren indarrak horma gehiago puskatzea. 19:00 aldera egongo da berriz ere marea goian.
Atzo, denboraleak kalteak eragin zituen Getxoko Ereaga hondartzako (Bizkaia) pasealekuko hemezortzi metrotan, horma bota baitzuten olatuek. Ura pasealekuraino iritsi zen 05:00 aldera, itsasgorarekin.