2003tik onartutako pista bat izan arren, urtarrilaren 30ean eman zion Enirio-Aralar mankomunitateak oniritzia proiektu horri, aho batez, eta hamar hilabete geroago gauzatuko da. Bost bat aste beharko dituzte pista egiteko, eta 138.000 euroko aurrekontua du.
Baina, pista hori jada polemika iturri baldin bazen —talde ekologistak eta Goierriko herritar asko kontra zeudelako—, Enirio-Aralar mankomunitateak urriaren 19ko batzarrean hartutako erabakiak are gehiago harrotu ditu hautsak. Izan ere, mankomunitatea eratzen duten herrien arteko aho batekotasuna hautsi zen, eta, bederatzi herriren babesarekin, pista gehiago egiteko proiektuari onespena eman zioten, Aralarreko borda ia guztietara erraz iristea bermatzeko helburuarekin. “Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017ko aurrekontuetarako zein behar genituen galdetu zigun, eta lehentasuna bordetara iristeko pistetan jarri genuen”, azaldu du Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkate eta mankomunitateak onartutako proposamena landu zuen lantaldeko kideak. Izan ere, mendiarekin muga egiten duten herrietako udalek —Amezketa, Abaltzisketa, Ataun eta Zaldibia—, sektoreko bi sindikatuek —ENBA eta EHNE— eta abeltzain eta artzainen ordezkariek osatutako lantaldeak landu zuen proposamena da batzarrak onartutakoa.
Ordizia, Beasain, Lazkao, Ataun, Altzaga, Arama, Gaintza, Amezketa eta Abaltzisketak egin zuten batzarrean pista gehiago eraikitzearen alde, eta Zaldibia, Itsasondo, Legorreta, Ikaztegieta eta Baliarrainek bozkatu zuten aurkeztutako proposamenaren kontra. Enirio-Aralar natur parkea kudeatzen duen mankomunitatearen onespenak guztira 15 kilometro arteko pistak eraikitzeko bidea irekitzen du. Inguru horretan 125 artzain eta abeltzain aritzen dira lanean maiatz eta azaro bitartean, eta pistak eraikitzeko erabakiak haien aspaldiko eskariari erantzuten diola zehaztu du mankomunitateak. 16.000 ardi eta 1.000 behi eta behor dituzte abeltzain horien artean.
Enirio-Aralar mankomunitateak inguruan dauden 40 bordetara iristeko bideak egin nahi ditu. Horien erdiek gaur egun ez dute bertara autoz iristeko modurik. “Nik uste dut denetara iristea ezinezkoa izango dela; baina batzuetara bai, iritsiko dira pistak, eta besteetara hurbiltzea da helburua, abeltzainen bizi baldintzak eta bizi kalitatea hobetzeko”.
Erreportajea osorik irakurtzeko, egin klik hemen.