Menurik ez dago. Kartatik hautatu beharko da martxoaren 21ean. Aurtengo kantonamendu hauteskundeetan, sekula baino hautu gehiago dago, hamar kantonamendutan orotara 72 hautagai daudelako. Gustu guztientzako hautagaiak daude. Abertzaleen artean ere bai. Ipar Euskal Herrian sekula gertatu ez dena ikusiko da boz horietan: zenbait kantonamendutan, hiru hautagai abertzale lehiatuko dira. Eta Hazparnekoan, Xabi Larre Elgar-ensemble alderdiko hautagaia abertzaleetatik hurbil dela kontsideratuz gero, lau lirateke abertzaleak: Kako Saint-Esteben (AB), Xarlo Etxezaharreta (plataforma), Manex Pagola (EA) eta Xabi Larre.
Baiona ekialdeko kantonamendua da abertzale gehien daukatenetan bigarrena. Xabi Larralde, Jean-Marc Abadie eta Mattin Etxepare lehiatuko dira. Horrez gain, EAJko kide batzuek Jean-Rene Etxegarai (UDF-UMP) kontseilariaren hautagaitza sostengatu dute. Angelu, Miarritze eta Atharratzen salbu, gainerateko kantonamenduetan bina abertzale aurkeztuko dira, denak ezker abertzalekoak. Begi bistakoa da ABren zatiketaren ondorioak sentitzen direla hauteskunde hauetan. Azken unean, alderdi abertzaleek ez zuten lortu elkarrekin aurkezteko ados jartzerik. AB bakarrik aurkeztuko da. Batasunak, Batasuna gisa hautagairik ez badu aurkeztuko ere, hasieratik bultzatu zuen ideia obratu da: herrietako plataformena. Haatik, Batasuna da gaur egun plataforma horiek sostengatzen dituen alderdi politiko bakarra.Abertzaleak zatiturik aurkezteak ez die mesederik eginen alderdi abertzaleei. Guztiek ere, irabazteko baino gehiago daukate galtzeko. Bozen %5 lortzea nahitaezkoa da hauteskundeetako gastuak ordainduak izateko. Hori gainditzen ez duenak bere sakelatik ordaindu behar ditu bozka orriak eta propaganda guztia. Baionako kantonamenduetan, abertzaleak elkarrekin aurkezturik ere, ez da desafio txikia emaitza horren lortzea. Aurten, ekonomikoki kaltegarri izan daitezke Baionako kantonamenduetako hauteskundeak.Zatiturik aurkeztuz, alderdi abertzaleek arriskuak hartzen dituzte. Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzale nagusiaren zatiketaren ondotik, ABn gelditu direnek zatiketaren ondorioz eta hauteskunde hauetan bereizirik aurkezteko hautuaren ondorioz zenbat boz galduko duten ikusiko da. Duela sei urteko emaitzekin konparatuz, abertzaleen bozak nola barreiatu diren neurtuko da, eta zein joerak nolako babesa duen. Zatiketak boz abertzale berriak murriztuko dituen ere ikusi behar izanen da. Ontsalaz, hauteskunde batetik bertzera, abertzaleek gero eta boz gehiago eskuratzen dute. Azken urteetako dinamikaren ondotik, bertzeak bertze Batera mugimenduaren ondotik, abertzaleek, oro har, herritarren sostengu zabalagoa lortu duten ikustea interesgarri izanen da.
KANTONAMENDU HAUTESKUNDEAK
Zatiketaren hauteskundeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu