Hego Euskal Herrian, Ahal Dugu-ri babesa emandako boto-emaileak izango lirateke desleialenak. Hori dio Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak gaur kaleratutako inkestak. Igandean eginiko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Ahal Dugu izan zen lehen indarra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Baina alderdi horri botoa emandakoen %38k “nahiago” du beste batek irabaztea udazkenean egingo diren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak: zehazki, %21ek EAJk eta %16k EH Bilduk. Halaber, Ahal Dugu-ren boto-emaileen %60 ziur daude EAJ izango dela hauteskunde horietan garailea.
Beste alderdien artean, zatiketa handiena PSE-EEren boto-emaileen artean emango litzateke. Baina bi aukeren artean, bereziki. Igandeko bozetan alderdi horri botoa emandakoen %34k nahiago dute EAJk irabaztea eta %37k alderdi sozialistak. %6k, berriz, Ahal Dugu.
Boto-emaile leialenak abertzaleak izango lirateke. Igandean EAJri botoa emandakoen %90ek nahi dute udazkenean alderdi horrek irabaztea hauteskundeak. %1ek baino ez lioke botoa emango EH Bilduri edo Ahal Dugu-ri. Antzera EH Bilduren boto-emaileen artean. Igandean koalizioari botoa emandakoen %87k nahi dute EAEko bozetan irabaztea; %7k nahiago lukete EAJ izatea lehen indarra, eta inork ez Ahal Dugu. Dena den, EH Bilduren boto-emaileen %10ek baino ez dute uste lehen indarra izan daitekeela koalizio subiranista EAEko bozetan, eta gehiengoa ziur da EAJk irabaziko dituela.
Adin tarteei dagokienez, 18-45 urte arteko gehienek EAJk irabaztea nahi dute: %55ek. EH Bildu nahiago dute %43k, eta Ahal Dugu %32k. Soilik 18-29 adin tartean ez da EAJ alderdirik gogokoena: EH Bilduk du babes handiena gaztenen artean (%28), eta gero EAJ (%20) eta Ahal Dugu (%17).
Espainiako agenda
Espainiako Gorteetarako bozen ondoren egina da inkesta, eta horiek oinarri, %44k diote euren botoa erabakitzerako orduan Euskal Herriarekin lotutako gaiek izan dutela eragin haiengan; %25ek diote Espainiako gaiek izan dutela pisu gehiago, eta %18k biek. Gipuzkoarrek, 64 urtetik gorakoek eta EAJren eta EH Bilduren boto-emaileek gainerakoek baino gehiago diote batez ere Euskal Herriko gaietan oinarrituta erabaki dutela.
Alderdika, EAJren boto emaileei gutxiago interesatzen omen zaizkie Espainiako hauteskundeak (%31), EH Bildukoei baino (%19). Ahal Dugu-ren boto-emaileek dute interes handiena, PPren boto-emaileen atzetik. Era berean, Espainiako gaiek Euskal Herrikoek baino pisu handiagoa dute Ahal Dugu-koengan: %59ek eman diote botoa alderdi horri gai horietan pentsatuz.