Zauri emea

Mastektomia baten ondorioz bularra galdu duten emakumeen kasua ezin da alderatu gorputzaren bestelako atalen erauzpenarekin, oso konnotazio bereziak dituelako; edozein modutan, kirurgiak irtenbide asko ematen ditu egun.

gotzon hermosilla
2013ko maiatzaren 31
17:05
Entzun

Joan den astelehenean, urteroko moda desfilea egin zuen Acambi Bularreko Minbiziaren Bizkaiko Elkarteak Bilboko dantzaleku batean. Bainujantziak, barruko arropak eta osagarriak erakutsi zituzten bularretik operatutako zenbait emakumek. Hala ere, ekitaldia moda erakustaldia baino askoz gehiago izan zen: festa, ospakizuna eta bularreko minbiziari aurre egin behar izan dioten emakumeek elkar topatzeko aitzakia ere izan zen joan den astelehenekoa.

Bularrean ebakuntza egitea ere bada gorputzaren atal bat osorik edo zati batean galtzea. Baina gorputzaren bestelako atalen anputazioarekin alderatuta, baditu berezitasun batzuk. Askotan, bere feminitateari egindako eraso gisa bizi du emakumeak gertaera hori, bere autoestimuan ondorioak izan ditzake eta, gainera, minbiziarekin lotutako ebakuntza izaki, barru-barruko mamu eta beldurrak esnarazteko ahalmena izaten du.

Hala uste du behintzat Miren Barrutia Acambi elkarteko psikologoak: "Egia da bularra medikuntzaren ikuspegitik ez dela ezinbesteko organoa, baina historikoki bularra bai emetasunaren aldetik bai amatasunaren aldetik ere sinbolo bihurtu da. Konnotazio garrantzitzuak jaso ditu. Gaur egun edertasuna, gorputz simetria oso garrantzitsua izaten da. Eta titi bat galtzen dutenean, eta, batzutan, tratamenduak ekartzen dituen gorputzeko beste aldaketen aurrean, xarmaren murrizketa sentitzen dute; emetasun identitatea egoera larrian jartzen du batzuetan gorputz berri horrek".

Segurtasun falta

Ez da hori arazo bakarra, Barrutiak dioenez: "Gainera, une horretara arte erabili izan duten arroparekin ez dira batzuetan eroso sentitzen. Segurtasunik gabe senti daitezkeela pentsatzen dute, inguruko guztiek mastektomia antzematen dutela, hondartzara berriz ezin izango direla joan edo paparra ezin izango dutela erakutsi. Denborarekin konturatzen dira ideia horiek ez datozela bat errealitatearekin".

Harremanen arloan ere badu eragina ebakuntzak, barrutiak azaldutakoaren arabera: "Bikotekiderik ez duten emakumeek pentsatzen dute ez dutela inoiz aurkituko. Uste izaten dute zaila izango dela beren gorputza desiragarri ikusten duen norbait aurkitzea. Bestalde, bikotekidea dutenak haren erreakzioaren beldur izaten dira. Guztientzat egoera berria da, eta emakume hauek zein beraien bikotekideek gorputz berri horretara ohitu behar dute, horrekin bizitzen ikasi eta, noski, gorputzarekin gozatu. Ahaztu gabe ebakuntza ostean sentsibilitatea galtzen dela. Gure bazkide askok komentatzen dute elkarbizitzak pauta erotiko bat eraikitzera eraman zituela, mastektomiaren ondoren aldatu behar izan dutena".

Diagnostikoaren ostean, eta kirurgia erabili behar bada, erabaki beharreko lehenengo gauza da nolako kirurgia behar den, bular osoa edo horren atal bat ken baitaiteke. "Gainera, kasu askotan titiarekin batera besapeko gurintxoak ere kentzen dira, eta horrek bizitzan aldaketa dakar gauza batzuk, pisua hartzea esaterako, ez egiteko edo beste era batera egiteko orduan".

Egin beharreko ebakuntzaren arabera, medikuak bularra berreraikitzeko ebakuntza ere aldi berean egitea proposa dezake. Hala ere, "gehienetan emakumeak etxera joaten dira ebakitako titiak uzten duen hutsunearekin eta horren ondorio emozionalekin".

Emakume gehienek kanpo protesia erabiltzen dute: "Horrek bularraren galera ezkutatzen du inguruaren aurrean, baina ez du itxuragabetasun sentsazioa kentzen, protesia ez delako emakumearen irudian integratzen". Beste aukera bat da bularra berreraikitzea, hori egin daitekeen kasuan. Horrek abantailak eta desabantailak ditu, Barrutiak azaldu duenez: "Mastektomizatutako emakume askok ilusioz itxaroten dute berreraikitzea, eta minbiziaren kapituluaren bukaeratzat ikusten dute. Baina kontuan izan behar da berreraikitzea ez dela panazea; segurtasun faltak eta beldurrak amaituko direla uste dute, eta ez da horrela. Landu beharreko arloa da hori, eta prozesu horretan laguntzea da, hain zuzen, elkarteko psikologo-sexologoaren lana".

Mailukada

Nekanek —izen asmatua da— duela bi urte jakin zuen bularrean tumorea zuela eta ebakuntza egin behar ziotela: "Ni oso gazte harrapatu ninduen, eta mailukada baten modukoa izan zen. Burutik pasatzen zaizun lehenengo gauza da tumorea kendu behar duzula, kosta ahala kosta, eta heriotzaz pentsatzen duzu. Ebakuntzaren eta tratamenduen ostean, tunelaren amaieran argia dagoela ikusten duzu".

"Beste anputazio batzuekin alderatuta, prozesu guztiz diferentea da", dio Nekanek. "Baina aldaketa, egon, badago: ezin duzu lehengo arropa jantzi, beste era batera jantzi behar duzu, zure bikotekideak zaren moduan onartu behar zaitu eta abar. Baina nik uste dut oro har moldatu egiten zarela".

Protesia jartzeko modu bat baino gehiago dago, tumorearen tamainaren, kokapen eta izaeraren arabera: "Kasu batzuetan, oso hedatuta ez dagoenean, galtzerdiaren teknika deritzona erabil daiteke: bularra hustu egiten dute, eta tumorea kentzeko ebakuntza berean protesia jartzen dute. Beste kasu batzuetan, hori ezinezkoa da".

Nekanek erabakia du bularra berreraikitzeko ebakuntza egingo duela: "Emakume batzuek ez dute nahi, pentsatzen dutelako ebakuntza batekin nahikoa dutela, eta ez dute operazio gelatik gehiagotan pasatu nahi. Hemen badaude emakume asko protesiarekin pozik daudenak eta oso ondo bizi direnak. Beste batzuek, berriz, beharbada gazteagoak direlako edo beren nahia hori delako, bularra birsortzeko urratsa egiten dute. Hori da nire kasua".

Bikotekidearen erreakzioa ere aldatzen da kasu batetik bestera: "Batzuek, beren maitatzeko moduan, garrantzi handiagoa ematen diote arlo fisikoari. Eta egon dira kasu batzuk, emakumearengandik banatu diren bikotekideenak, gogorregia egiten zaielako emakumeak bularra galtzea ez ezik, gaixotasunaren tratamendu guztia ere. Nire kasuan, bikotekideak argi esan zidan ni maite ninduela, ez bi bular. Eta inoiz esan dit, bularra birsortzeko prozesuaren zailtasunen jakitun, nik erabaki behar dudala, baina ez egiteko beragatik. Dena den, nik ez dut beragatik egiten, nigatik baizik, hobeto sentitu nahi dudalako".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.