Jaurlaritzaren Memoria Plaza egitasmoan antolatu dituzten eztabaida taldeen ondorioak aurkeztu ditu gaur Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak. 72 lagunen parte hartzearekin egin dituzte talde dinamikak. Hiruna tailer lurralde bakoitzean, bat 36ko gerrari buruz, frankismoari buruz bigarrena, eta ETAri zein GALi buruz hirugarrena.
Talde dinamika horietatik lau ondorio nagusi atera dituzte: memoria pertsonala dela; hala ere badirela gizartearen gehiengoak partekatutako sentimendu batzuk; lau gai horiek elkarri lotuta daudela; eta zauriak ixteko daudela lau kasuetan. Ezenarrok azaldu du "enpatian eta elkarrizketan oinarritutako bizikidetza demokratikoagoa eraikitzeko" ezinbestekoa dela "atzerako begirada kritikoa". Haren ustez, ez du ezertarako balio "modu isilean orria pasatzeak".
Memoria Plaza egitasmoaren barruan zuzeneko testigantzak ere jaso dituzte. Oraingoz, grabatutako 148 testigantza eta idatzitako 44 lekukotza.