Elena Cal, Amelia Sanchez, Isabel Velez, Amelia Amaya, Annie Froment, Kristine Bosque eta Cristina Estebanez. Zazpi emakume hil dira aurten genero indarkeriarengatik Euskal Herrian. Aurreko urteetako muga apurtu egin da; iaz sei emakume eta 2008. urtean beste sei hil zituzten bikotekideak edo gertuko gizonen batek, 2007an lau izan ziren, 2006an bost. Aurtengo, datua, beraz, aspaldiko beltzena da. Mugimendu feministak, gainera, indarkeria sexistaren aztarna ikusi du beste bi heriotzaren atzean ere. Agurainen (Araba) ustez bilobak hil zuen 91 urteko Bonifacia Ruiz de Arbulo eta Zarauzko (Gipuzkoa) hondartzan hilotz agertu zen 16 hilabeteko neskatoaren heriotzaren atzean ere genero indarkeria egon dela salatu du. Azken kasu horretan, aitak umearen amarengandik urruntzeko agindua zuen, tratu txarrengatik.
Kasuen nolakotasunari begira, bada aurten aintzat hartzeko bereizgarri bat. Bi andre, Amelia Sanchez eta Isabel Velez, ustez semeek hil dituzte. Barakaldon (Bizkaia) hil zuten Amelia Sanchez, labankada bat emanda; ertzainek zabaldutako informazioaren arabera, ama-semeek eztabaida bat izan zuten eta labanaz oldartu zitzaion semea amari. Zenbait iturrik zabaldu zuten aurretik bikotekide ohiari eraso egiteagatik ere salaketak zituela.Isabel Velez, berriz, ustez 23 urteko semeak hil zuen, Lasarte-Orian (Gipuzkoa).
Kasu horiek agerian utzi dutegenero indarkeria ez dela bikote barruko harremanetan bakarrik izaten. Fenomeno zabalagoa da. Genero indarkeria aztertzen diharduten hainbat profesionalek ohartarazi dute zenbaitetanbikotekideari tratu txarrak ematen dizkioten gizonek bereizi ostean gurasoen etxera itzuli eta han gurasoei oldartzen zaizkiela. Nolanahi ere, bikote barruko erasoak dira ohikoenak. Euskal Herrian aurten hildako gainerako bost emakumeak ustez bikotekideak edo bikotekide izandakoak hil ditu.
Heriotza horiek guztiak bortxaz eraikitako izozmendi baten ageriko muturra baino ez dira. Urteko balantze osoak ez dira agertu oraindik, baina datu aski kezkagarriak eman dituzte orain artean. Abendua bitartean Hego Euskal Herrian, 5.037 salaketa izan dira: Araban 562, Bizkaian 2.149, Gipuzkoan 1.206 eta Nafarroan 1.120. Salaketa kopuruari begira, azterketa baikorra nabarmendu dute erakundeek. Eusko Jaurlaritzaren izenean, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak ohartarazi du salaketa kopurua iaztik %8,16 gutxitu dela. Nafarroako Gobernuko Emakumearen Institutuak, berriz, murrizketa %7,67koa dela ohartarazi du. Nafarroako Gobernuaren arabera, genero indarkeriarekin lotutako 1.046 salaketa jaso zituzten, 2009an baino 89 gutxiago.Hego Euskal Herrian batez beste egunean 15 salaketa izan dira. Andreek ez dute beti salatzen, ordea. Jaurlaritzak lehen sei hilabeteetako datuen berri eman zuenean, Genero Indarkeriaren Biktimen Bulegoko zuzendari Mariola Serranok ohartarazi zuen genero indarkeria sufritzen dutenen %30ek ez dutela salaketarik jartzen.
Hainbat auzi
Genero indarkeriarekin lotutako hainbat auzik aparteko oihartzuna izan dute aurten. Nagore Laffage gaztearen hilketa epaitzekoauzibideak, esate baterako,lorratz luzea laga du. Iaz, Nafarroako Auzitegi Nagusian egindako epaiketan, homizidioa egotzi zioten Laffageren hiltzaile Jose Diego Yllanesi, eta familiak irmo egin du erabaki horren kontra: hilketa egotzi nahi izan diote. Urriaren 27an aintzat hartu zuenEspainiako Auzitegi Gorenak kasua berrikustea, eta lehengoari eusten diolajakin da aste honetan:homizidioa egotzi diote berriro, eta hamabi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra bere horretan utzi dute. Familiak samina erakutsi du. Hil aurretik jipoia jaso zuen Laffagek, eta ez dute ulertzen nola ez den aintzat hartzen hiltzaileak «aldez aurretik» hilketa egiteko zuen asmoa. Emakundek ere kritikatu du epaia.
Oihartzun apartekoa izan duen beste epaiketa bat Maria Pilar Marcos auzipetuarena izan da. Tafallan (Nafarroa) 2009ko azaroaren 2an senarra labankadaz hiltzea egotzita epaitu eta absolbitu egin zuen zinpekoen epaimahaiak. Labana nahita sartu ziola baieztatzeko aski froga ez zegoela argudiatuta absolbitu zuten. Epaiketan, 44 urtean tratu txarrak jasan zituela salatu zuen emakume auzipetuak, isilpean, inoiz salaketarik jartzera ausartu gabe. Seme-alabek aho batez berretsi zuten amaren testigantza. Hala ere, fiskalak,testuinguru hori aintzat hartu gabe aztertu zuen auzia: 1 1 urteko zigorra eskatu zuen andrearentzat, eta hark bere burua babestu nahi izatea «neurririk gabe erantzutea» dela argudiatu zuen. Era berean, tratu txarrak ez zituen aringarri gisara aintzat hartu.
2008an Mañuetan (Araba) senarrak hil zuen Estibalitz Anguloren auzian, berriz, senarraren kontrako epaian, aringarritzat hartu zuten «zelotipia». Diagnostikatuta eduki arren, tratatzen ez zuen patologia zen. Maiatzean eman zuen Arabako Lurralde Auzitegiak epaia: zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra jarri zion homozidioagatik, eta urte bat eta hiru hilekoa ohiko tratu txar psikikoengatik. Mugimendu feministak kritikatu egin zuen epaia.
Zazpi emakume hilda, aspaldiko urte beltzena izan da
Abendua bitartean genero indarkeriarekin loturiko 5.037 salaketa izan dira Hego Euskal Herrian; batez beste, egunean 15Bereizgarri bat bada aurtengo datuetan; bi andre ustez semeek hil dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu