Erreskatea

Zazpi euskal herritar erreskatatu dituzte Huescan, Fagoko arroilan

2018ko maiatzaren 28a
14:37
Entzun

Irun, Oiartzun, Pasaia eta Hondarribiko (Gipuzkoa) bost lagun eta Tuterako (Nafarroa) beste bi erreskatatu dituzte Fagoko arroilan (Huesca, Espainia), joan den asteburuan, beste lau mendizalerekin batera.

Arroila jaistea lortu zuen mendizale batek Guardia Zibilari abisu eman zion larunbatean, 16:30ak aldera, ur mailak nabarmen gora egin zuela eta bere atzetik zihoazen mendizale batzuek zailtasunak zituztela bidean aurrera egiteko.

Guardia Zibilak helikopteroz baieztatu zuen arroilak ur emari handia zuela, eta airetik hiru mendizale ikusi zituen barrunbe batean harrapatuta. Erreskate zerbitzuek barrunbera iristea lortu zuten, helikopteroaren 55 metroko sokari barrunbean zegoen mendi gidariaren soka lotuta. Barrunbearen barruan beste zortzi mendizale zeuden. Onik aurkitu zituzten denak, hipotermia zantzu arinak izan arren. Erreskate zerbitzuek janaria, edari beroa eta manta termikoak eman zizkieten.

Ur mailak hazten jarraitzen zuenez, ezinezkoa izan zen une horretan erreskatearekin jarraitzea, eta mendizaleak koba baten barruan gorde ziren. Larunbat gaua kobaren barruan eman zuten mendizaleek, ur emaria noiz murriztuko zain. Igande goizean, ur maila apalagoarekin, 10:00ak aldera ekin dio Guardia Zibilak berriz ere erreskateari, eta helikopteroaren garabiaren bidez atera ditu 11 mendizaleak arroiletik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.