Ertzaintzak sei gizonezko atxilotu zituen atzo EAEn, genero indarkeria egotzita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur esan duenez.
Gasteizen 27 urteko mutil bat atzeman zuten, bikotekideari kolpeak eman zizkiolakoan. Emakumea Txagorritxuko erietxera eraman zuten.
Beste gizon bat Barakaldon atxilotu zuten —31 urtekoa—, neska-laguna kolpatu zuelako ustez. Beste bat Trapagaranen —25 urtekoa—, emakume bat jo zuelakoan.
Ertzaintzaren beste atxiloketak: Irunen —68 urteko gizona—, emazteari tratu txar psikikoak eta fisikoak egitea leporatuta; Barakaldon —53 urtekoa—, emaztearekiko urruntze agindua hausteagatik; eta Gasteizen —28 urtekoa—, urruntze agindua hautsi izanagatik.
Gasteizko udaltzainek beste mutil bat atzeman zuten larunbatean —20 urtekoa—, neska-lagunari eraso egitea egotzita.