Euskal Herriaren lurraldetasuna
Zenbaitek lurraldetasuna eta independentzia aukera kontrajarri edo ezinezkotzat jotzen ditu, herrialde edo eremu bakoitzaren erritmoak errespetatu beharraren argudioaz eta... Bateraezinak al dira?
Halako eztabaidek mesfidantza eta beldurra sortzen dute sektore batzuetan, eta hori hein handi batean ulergarria izan daiteke. Nik, aldiz, poztasun handiz ikusten ditut halako eztabaidak. Zergatik? Ba, behingoan estatu propioaren beharra aldarrikatze esparrutik atera eta egikaritze esparruan kokatzen hasiak garela adierazten duelako.
Hiru esparruen erabaki ahalmena errespetatu behar al da?
Guretzat azken helburua garbia bada ere —zazpi lurraldez osaturiko Euskal Estatua—, kontuan izan behar dugu hori lortzeko hiru erabaki esparru errespetatu beharko ditugula: EAE/Nafarroa/Ipar Euskal Herria. Beraz, aipatu eztabaida nazional eta herritar horretan finkatu behar dena zera da —besteak beste—: egun izan badiren errealitate juridiko-politiko nahiz indar harreman ezberdinak kontuan hartuta, zein da azken helburu horretara heltzeko biderik eraginkorrena? Eta, berriro diot, eztabaida hori hain garrantzitsua izanda, eta hartu beharreko erabakiak hain sakonak, ezin daiteke egin alderdien aparatuetan. Aitzitik, erabaki horiek milaka independentistaren artean hartu behar dira, Euskal Herrian luze-zabalean egin behar den prozesu parte hartzaile baten bidez. Bestela tronpatuko gara.
Zeri emango zenioke lehentasun politikoa: zati baten independentziari ala Hego Euskal Herriaren edo Euskal Herri osoaren lurraldetasuna lortzeari?
Lehentasuna eta axola dion gauza bakarra hau da: azken helburuetara heltzeko biderik eraginkorrena finkatzea.
Nafarroa bestelako egoera politiko baten aurrean egon daiteke, nafar erregimen erregionalista amiltzen ari dela dirudielako. Baikor zara?
Trantsizioan eraikitako erregimena krisi larrian dagoela begi bistakoa da, eta gero eta zabalagoak diren sektoreak daudela aldaketaren alde. Alde horretatik, baikorra naiz, baina baita zuhurra ere, zeren ez baitugu ahantzi behar Nafarroa estatu arazoa dela eta, beraz, egin behar duten guztia eta gehiago egingo dutela erregimena salbatzeko.
Posible ikusten duzu PSNrik gabeko gobernu alternatiba Nafarroan, alegia, EH Bildu, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Ezkerra batuko lituzkeen gobernu aurrerakoi bat?
Barcina andrea ez da soilik UPNren hautagaia, erregimenarena ere bada. Eta, beraz, badaki UPNren sostengua ez ezik PPrena eta PSOErena ere baduela. Beraz, PSNrik gabeko alternatiba bat, posible ez ezik, ezinbestekoa ere bada. Gauzak horrela, hala ere, aldaketaren blokeak gehiengo osoa lortzen badu, orduan ere ziur naiz estatuak aldaketaren ordez aldaketatxoa egiteko PSNren pieza mugituko duela, UPNren alternatiba izango den gobernua osatzeko. Hori bai, zenbait baldintzarekin: EH Bildu baztertzea eta nafarrei hitza eta erabakia ukatzea. Beraz, kasu, aldaketa soilik UPN kanporatzearekin identifikatzen denean, zeren eta aldaketaz hitz egiten dugunean beste sakontasun bat behar duen ekimenez mintzatzen baikara, bederen ezkerreko independentistak.
Zer eginkizun izan beharko luke ezker abertzaleak bide horretan?
Ardura historikoaz eta eskuzabaltasun osoz jokatu behar dugu Nafarroan, eta, beraz, Nafarroak gure estrategia nazionalean duen garrantziaz jabetuz. Hartara, berriro diot, ezker abertzalea bere gu txikitik atera eta gure gu handira zuzendu behar da. Nafarren eta euskal herritar ororen interesak gure interes txikietatik at jarriz eta Nafarroan jorratu beharreko ildo eta proposamenak Nafarroan eztabaidatu eta erabakiz.