Zazpi hilabete bakartuta

Atxilotu zutenetik bakartuta daukate Arantza Zulueta abokatua. Aste honetan gose greba hasi du.

jokin sagarzazu
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Ziega txiki batean, beste presorik ez dagoen modulu batean eta kanpoarekin dituen komunikazio guztiak kontrolatuta. Egoera horretan daukate Arantza Zulueta euskal presoen abokatua, Malagako espetxean, Euskal Herritik ia mila kilometrora.

Haren lagun eta senideek jakinarazi dutenez, urriaren 23tik, Cacerestik Malagako espetxera eraman zutenetik, espetxe funtzionarioak baino ez ditu ikusi aurrez aurre. Egun horretan, hain zuzen ere, aurrez aurrekoa zuen familiarekin.

Patio orduak ere bakarrik ematen ditu, goizean eta ilunabarrean, metro bateko zabalera eta bederatzi metroko luzera duen gune batean. Patioaren bazter batean beira opako bat dago, nork behatzen dion ikusi ezin duela.

Ziegan, berriz, arropa eta bi liburu eduki ditzake bakarrik. Euskaraz idatzitakoak badira, itzulpenak eskatzen dituzte espetxeko funtzionarioek. Eta jaso eta bidaltzen dituen eskutitz guztiak kontrolatzen dizkiote; irakurri ondoren, espetxeko zaindariei itzuli behar dizkie gutunak.

Apirilaren 14tik, atxilotu zutenetik, erabat bakartuta eduki dute Zulueta; bakartze fisikoa eta politikoa da, haren lagun eta senideek salatu dutenez. Abokatuak euskal presoen alde egin duen lanarengatik «mendekua» jasotzen ari dela diote lagunek.

Egoera hori dela eta, Zuluetak gose greba mugagabea hastea erabaki du aste honetan. Lagunek deituta, berriz, elkarretaratzea egingo dute etzi Bilboko San Anton zubian, 20:00etan. Era berean, babesa erakusteko, Zuluetari espetxera gutunak bidaltzeko eskatu diete herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.