Atxiloketak

Zazpi lagun atxilotu ditu Espainiako Poliziak Donostian

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande Marlaskak agindu du operazioa, eta kale erasoekin zerikusia izatea leporatzen die. Alde Zaharrean Urkamendi taberna miatu dute. Atxilotuetako batek, Mikel Arretxek, taberna horretan lan egiten du.

2007ko urriaren 30a
18:08
Entzun
Zazpi lagun atxilotu ditu bart goizaldean Espainiako Poliziak Donostian, Fernando Grande Marlaska epailearen aginduz. Askatasunak jakinarazi duenez, Jon Sardon Zabaleta (Intxaurrondo auzoan), Unai Perez Quintanz (Herreran), Julen Garmendia Pradillo (Loiolan), Pello Lamarka (Añorgan), Mikel Arretxe (Egian), Ekaitz Ibero (Benta Berrin) eta Egoi Alberdi (Amara Zaharra) dira atxilotuak.

Zazpi lagun horiek atxilotzeaz gain, hainbat miaketa egin ditu Poliziak haien etxeetan zein beste leku batzuetan. Askatasunaren arabera, Alde Zaharreko Urkamendi taberna miatu dute goizean eguerdi arte. Mikel Arretxe atxilotuak lan egiten du han, eta beran han zutela egin dute miaketa.

Operazioa Espainiako Auzitegi Nazionaleko Grande Marlaska epaileak agindu du, eta polizia iturriek agertu dutenez, kale erasoekin zerikusia dutelakoan atxilotu dituzte. Areago, duela egun batzuk Getxon eta Berangon (Bizkia) eta uztailean Araban egindako sarekadekin harremana duela diote iturri horiek.

Askatasunak esan duenez, "ez dago akusazio zehatzik, oso delitu orokorrak egozten dizkiete" atxilotuei. "Miaketak lasaiak izan dira. Kasu batzuetan etxe osoa miatu dute eta beste kasu batzuetan atxilotuen gelak soilik. Batzuei senideekin egoten utzi diete". Miaketa gehienak goizeko hirurak eta seiak bitartean egin dituzte; Arretxeren kasuan, 8:30ak inguruan. "Miaketa guztietan argazkilariak zeuden; alegia, Poliziarekin batera iritsita".

Poliziek Sardonen eta Alberdiren etxetik ordenagailuak eraman dituzte. Bestela, Askatasunak dioenez, pegatinak, DVDak, musika CDak, elastikoak, presoen gutunak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.