Astelehenetik aitzina zazpi gizon atxilotu dituzte Euskal Herrian genero indarkeriari lotutako delituak egotzita. Gasteizen atxilotu dute bat eta Nafarroan beste seiak; bat Iruñean, bi Lizarran, bi Tafallan eta bestea Burlatan.
Gasteizen 19 urteko gazte bat asteartean atxilotu zuen Udaltzaingoak. Bere bikotekide ohia mehatxatzea eta hozka egiten saiatzea leporatu diote. Bikotekide ohiarekiko urruntzeko agindua eta komunikazio debekua zuen aurretik. Bikotekide ohiarekin Nueva Dentro kaleko lokal publiko batean liskarrean ari zirela jaso zuten udaltzainek abisua eta beranduago San Francisco Javier Kantoian atxilotu zuten ustezko erasotzailea.
Atzo goizean, halaber, Foruzaingoak 32 urteko gizona atxilotu zuen Lizarran pisukideari egindako sexu erasoa leporatuta. Biktimaren arabera, ustezko erasotzailea bere logelan sartu zen indarrez sexu harremanak izateko asmoz. Emakumearen garrasiak entzun bezain pronto, gainontzeko pisukideak emakumea laguntzera abiatu ziren. Emakumeak ez du salaketarik jarri nahi izan. Lizarran,Foruzaingoak 32 urteko gizon bat atxilotu zuen, tratu txarrak egotzita. Epaile batek eskatuta egin zuten atxiloketa. Izan ere, tratu txarrak eman zituenaren berri zeukaten epaitegian. Emakumeak, hala ere, ez dusalaketarik jarri kasu honetan ere. Ustezko erasotzaileagenero indarkeriaren inguruko Lizarrako epaitegiaren esku dago.
Horrez gain, 45 eta 48 urteko bi gizon atxilotu dituzte Tafallan eta Iruñean. Epailearen aginteari desobedientzia larria egotzi diete bi kasuetan, euren bikotekide ohiekiko duten urruntze agindua ez betetzeagatik.
URRUNTZE AGINDUAK. Burlatan egin zuten herenegun genero indarkeriari lotutako beste atxiloketa. Bikotekide ohiarekiko urruntze agindua zuen gizona atxilotu zuen Foruzaingoak. Ustez, aurreko igandean bikotekide ohiaren lantokira hurbildu zen, eta emakumea hortxe zegoela ohartu zenean, autoan ihes egin zuen.
Astelehenean beste lagun bat atxilotu zuten Tafallan, genero indarkeriaren harira hori ere. 48 urte ditu eta bere emazte ohiarekiko 100 metroko urruntze agindua. Hain zuzen ere, bikotekide ohiaren bizilekura joan zenean atxilotu zuten. Emakumeak adierazi zuenez, hainbatetan eraso egin dio senar ohiak kalean.
Zazpi lagun atxilotu dituzte egun hauetan genero indarkeria leporatuta
Iruñea, Gasteiz, Burlata Lizarra eta Tafallan egin dituzte atxiloketak astelehenaz geroztik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu