politika

Zazpi lagun Auzitegi Nazionalera deitu dituzte, Gaztesarearekin lotuta

Astelehen eta astearterako hitzordua jarri diete Mikeldi Zenigaonaindia, Haritz Garrido, Gorka Urbizu, Jon Maia, Arkaitz Estiballes, Miren Zabaleta eta Aitziber Martinez de Lagosi. Guardia Zibilak uztailaren 29an Gaztesarearen kontrako operazioa egin zuen.

2009ko irailaren 5a
18:04
Entzun
Gaztesarearen aurkako auziarekin lotuta, zazpi euskal herritar Espainiako Auzitegi Nazionalera deitu dituzte astelehen eta astearterako. Musikariak, bertsolariak, feministak, gazte mugimenduko kideak eta ikasle mugimendukoak dira. Hain justu, etzirako Mikeldi Zenigaonaindia, Haritz Garrido eta Gorka Urbizu deitu dituzte, eta astearterako Jon Maia (bertsolaria), Arkaitz Estiballes, Miren Zabaleta eta Aitziber Martinez de Lagos.

Guardia Zibilak uztailaren 29an, Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Gaztesarearen aurkako operazioa egin zuen, "Gaztesareak eta Arabako blog batek Segi gazte erakundearen zozketa bateko zenbaki saridunen berri emateagatik". Alberto Martinez, Iker Acero eta Arkaitz Artola atxilotu zituen, eta epaileak aske utzi zituen hurrengo egunetan, baldintzapean.

Auzitegira deitu dituzten zazpi lagun horiei Gaztesarearekin lotura izatea egotzi diete eta kolaborazio delitua egitea.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) auzitegiaren erabakia kritikatu du, "Espainiako Gobernuak Euskal Herrian ezarri duen mugarik gabeko errepresioaren urrats berria delako. Errepresioa eremu berrietara zabaltzen ari da". Espainiako Estatuan "adierazpen askatasuna ukatua eta zigortua" dago, AAMren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.