Zazpi lagun etxetik aterarazi dituzte Donostian, luizi batengatik.

Antigua auzoan izan da lur jausia. Euskal Trenbide Sareak BERRIAri jakinarazi dionez, gertakariak ez du zerikusirik Donostiako metroko lanekin. Satorralaia bizilagun elkartearen ustez, aldiz, bai.

Luizia gertatu den tokia. IñAKI AGIRRE / IRUTXULOKO HITZA
Igor Susaeta.
2019ko azaroaren 19a
19:58
Entzun

Donostiako metroko lanak egiten ari dira inguruan —Zarautz etorbideko etxeen atzeko magalean gertatu da ezbeharra—, eta lanon kudeatzaile ETS Euskal Trenbide Sarea enpresaren komunikazio departamentuak BERRIAri adierazi dionez, pare bat teknikari bidali ditu luizia gertatu den tokira, eta egiaztatu dute ez dela izan obrengatik. «Euri zaparradak ugariak izan dira azkenaldian». Udalarentzat ere horrengatik gertatu da lur jausia.

Zarautz kaleko bi etxabetan sartu da lurra, eta udalak jakinarazi du horietan bizi diren zazpi lagun aterarazi dituztela ezbeharraren ondorioz . Inguruko ostatu batean eman die aterpea.

Satorralaia bizilagun elkarteak, ordea, luizia obrek eragin dutela salatu du ohar batean. Elkartearen esanetan, mendi magal horretan zulatu dute Bentaberri geltokiko «leize handia». Ohartarazi du, gainera, «oraindik lur jausi gehiago» gerta daitezkeela. Satorralaia taldeak gaineratu du Zarautz etorbideko etxejabeen elkarteak aurrez salatu izan duela luiziak gertatzeko arriskua zegoela eremu horretan.

Irutxuloko Hitza hedabideak kaleratutakoaren arabera, bizilagunak «kezkatuta» daude. Azaldu dute «aspalditik» zela jakina magala  «ezegonkorra» dela. Jakinarazi dute, gainera, horren berri eman zutela irailean, inguruan Donostiako metroko lanak hasi zituztenean.

Luiziaren ondorioz, gas leherketa batzuk gertatu dira, eroritako lurrak eta arrokek gas instalazioa estali dutenean.

Fiskaltza, lanak ikertzen

Satorralaia taldeak jarritako salaketa ontzat emanez, Gipuzkoako Fiskaltza joan den astean ikertzen hasi zen metroko lanak. «Txosten zehatzak» eskatu dizkie Eusko Jaurlaritzari eta proiektuaren egileari. Satorralaia elkartearentzat, «urraketa larriak» egiten ari dira obretan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.