Zazpi parke eoliko txiki eraiki nahi dituzte Arabako eta Bizkaiko mendietan

Eusko Jaurlaritzak 2002. urtean onartutako planean, soilik parke eoliko handiak eraikitzea dago jasota

Estitxu Ugarte
2007ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Arretaz aztertu nahi du Eusko Jaurlaritzak parke eoliko txikiak eraikitzeko aukera, energia eolikoa kudeatzeko formula berri horri ateak erabat zabaldu aurretik. Une honetan, Arabako eta Bizkaiko mendietan zazpi mikroparke jartzeko eskaerak jaso ditu Industria Sailak, baina egitasmo bakarra esleitu du, Garbean (Bizkaia). Gainerako sei proposamenek (Galdames, Larragorri, Atxuriaga, Cantoblanco, Motxotegi eta Jata)egoera argitu arte itxaron beharko dute.

Jaurlaritzako Industria sailburu Ana Agirrek Eusko Legebiltzarrean EABk eginiko galdera bati erantzunez adierazi duenez, «mikroparke eolikoak gure erkidegoan proposamen berria direnez, Industria Sailak komenigarritzat jo du eskaerak esleitu aurretik egitasmoen bideragarritasuna eta eragin ditzaketen arazoak sakon aztertzea eta sustatzaileen gaitasun teknikoa eta ekonomikoa ziurtatzea».

Hala, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) mikroparke eolikoen kokagunerik egokienak aztertzen ari da. EEEko Energia Berriztagarrien arduradun Javier Marquesek azaldu duenez , «mikroparke eolikoen ildoan lanean ari gara, neurketak egiten ari gara baliabideak non dauden ikusteko, eta gainera azpiegitura mota horren bideragarritasuna aztertu behar dugu».Bestetik, Marquesek argi adierazi du mikroparke eolikoak mendilerroetan kokatu behar direla. «Energia haizea dagoen tokietatik atera behar dugu, eta parke handiak edo txikiak izanik, finean haizea zonalde garaietan dago, eta horietara jo beharko dugu parkeak garatzeko».



PARKE HANDIEN EREDUA. Nolanahi ere, energia eolikoa kudeatzeko formularen berritasunaz gainera, bada beste funtsezko arazo bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan parke eoliko txikien kautelazko geldiunea eragin duena, hain zuzen energia eolikoari buruzko arautegi orokorraren falta, eta egungo hutsune normatiboa.

zan ere, 2002. urtean Eusko Jaurlaritzak Energia Eolikoaren Lurralde Arloko Plana eta hori garatzeko dekretua onartu zituenean, Jaurlaritzak kontuan hartu zuen bakarrik parke handiak eraikitzeko aukera, eta bestelako formulak arautu gabe utzi zituen. Are gehiago, duela bost urte onartutako planak oso ezaugarri zehatzak dituen parke eolikoa aurreikusten du: zortzi errotatik gorakoa, 10 megawatt baino gehiago ekoizteko gaitasuna duena eta sorturiko energia guztia sare elektriko nagusira zuzentzen duena.

Ondorioz, une honetan proposatzen diren mikroparke eolikoek ez dituzte Energia Eolikoaren Planak ezartzen dituen mugak bete behar, eta printzipioz, edozein lekuan jar daitezke. Eraikuntzaren baimen administratiboa beharko lukete, eta hala badagokie ingurumenaren eraginaren gaineko azterketa. Besterik ez.

Dena dela, mikroparke eolikoen kontrolik gabeko ezarpenari aurre egiteko formulak bilatu nahi omen ditu Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak, eta zentzu horretan esku artean dituen baimen eskaerak gelditzea erabaki du.

Bitartean, parke eoliko handiak bultzatzen jarraitu asmo du Industria Sailak. Hala, 2010. urteari begira 624 megawatt lortu nahi ditu energia eolikoari esker, eta horretarako 2002. urteko Energia Eolikoaren Planean zehaztutako hainbat parke martxan jarriko ditu. Dagoeneko lau parke martxan daude: Elgea, Urkilla, Oiz eta Badaia, baina lauron artean soilik 134,65 megawatt sortzen dituzte. Hortaz, 2010. urteko helburua lortzeko Mandoegin eta Ganekogortan beste bi parke aurreikusi dituzte, eta bere garaian bigarren talde batean sartu zituzten Gazume, Kolometa, Arkamo, Iturrietako Mendiak, eta Arlaba kokaguneen ezaugarriak aztertzen hasi dira.

Eusko Jaurlaritza, baina, ez da aitzindari energia eolikoa parke handien bitartez kudeatzeko ereduan. Izan ere, Nafarroan 31 parke eoliko handiak eta 1.143 haize errota jarri dituzte mendietan. Haatik, parke eolikoak egiteko zituen egitasmoen zenbateko handia ikusita, Nafarroako Gobernuak baimen gehiago ez zituela emango iragarri zuen 1996. urteko abenduan, eta ordutik ez da parkerik baimendu. Une honetan, gainera, bestelako energia berriztagarrien alde egin du Nafarroako Gobernuak.

Ipar Euskal Herrian, aldiz, ez dago parke eolikorik eta, epe laburrera begira, gutxienez, Frantziako Gobernuak ez du halako egitasmorik martxan jartzeko planik.



Parke eolikoen inguruan bizi direnek egoki ikusten dute azpiegitura

EAEko Energia Eolikoaren Lurralde Planaren arabera, parke eolikoak eraikitzen dituzten enpresek parkearen inguruan bizi diren biztanleen artean inkestak egiteko beharra dute, parkea eraiki eta hurrengo urtetik aurrera. Jaurlaritzako Industria Sailaren arabera, hala egin zuen Eolicas de Euskadi enpresak Elgeako parkearen aldean 2001. urtean eta Elgea-Urkilla eta Oiz aldean 2005. urtean.

Eginiko inkesta horien arabera, parke eolikoen inguruetan bizi diren herritarrek azpiegitura horiek oso ontzat jotzen dituzte; «batez ere Oizko parkearen inguruan bizi diren herritarrek», nabarmendu du Industria Sailak. Hala, Eolicas de Euskadi S.Ak eginiko inkesten arabera, Oiz aldean bizi diren gazteen %92k uste dute energia eolikoak abantaila handiak dituela gainerako energia iturrien aldean. Antzeko portzentajeajaso dute Elgea inguruan eginiko inkestetan.

Bestetik, Industria Sailak energia eolikoaren ezarpenaren harira, hainbat inkesta egin ditu azken urteotan erkidegoan. Horietan, beteak beste, haien herrietan zein energia zentral mota nahiago luketen galdetzen zieten herritarrei. %61,8k eguzki panelen alde egin zuen, %51k parke eolikoaren alde, 13,1k biomasako zentralaren alde, %9,2k hidraulikoa nahi zuen eta 0,8k ziklo konbinatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.