Gutxienez hamar pertsona -Yemengo iturrien arabera- hil zituzten atzo Saba Erreginaren Tenplutik gertu, Marib hirian, tartean sei euskal herritar zituen taldearen aurka egindako atentatu suizidan.Lehen informazioen arabera, hildakoetako zazpi turistak ziren, bi yemendar -gidari eta itzultzaile lana egiten ari zirenak- eta bonbak zeramatzan ekintzailea bera. Beste sei turista zauritu ziren erasoan, haietako bat oso modu larrian. Lerro hauek idazterako orduan ez Espainiako Atzerri Ministerioko iturriek ez turistak eraman zituen Banoa bidai agentziak ez zuten eman hildako turisten izenik.
BERRIAk jakin ahal izan duenez, hildakoen artean Mikel Essery donostiarra dago, Banoa bidai agentziako sortzaile eta bidai horretako gidari lana egiten ari zena. Esseryk 54 urte zituen eta aditua zen herrialde arabiarretako kulturan eta egoera soziopolitikoan. Años Luz agentzian gidari lana egiten zuten zenbait lankideren artean sortu zuten Banoa 1991ean, turismo alternatiboa eskaintzeko asmoz.
Atzo eraso zioten turista taldea joan den larunbatean atera zen Yemenera, eta abuztuaren 4ra arte egon behar zuen han. Bidaiaren izena Ezkutuko Arabia zen. Sei euskaldun eta zazpi katalan zeuden taldean.
Atzo Saba Erreginaren Tenplutik 100 bat metrora zeuden erasoa gertatu zenean, Marib probintzian, Sana hiriburutik 170 bat kilometrora. Saba Erreginaren Tenplua gune turistiko garrantzitsua da, Eguzkiaren eta Ilargiaren tenpluek osatutakoa. Sei ibilgailu zihoazen elkarrekin: militarren ibilgailu bana aurrean eta atzean, eta turisten lau ibilgailuak tartean. Suizidaren ibilgailuak tartean zihoazen bi ibilgailu jo zituen. Yemengo agintariek Al Kaeda talde armatuari egotzi diote erantzukizuna.
Yemenen ohikoak izaten dira Mendebaldeko herritarren aurkako erasoak, batez ere tribuen arteko liskarretan. Maiz tribuek turistak bahitzen dituzte, Gobernuarengandik nahi dituzten eskumenak lortzeko. Horretaz gain, Yemengoa da Osama Bin Laden bera ere, eta Al Kaedak eragin handia du herrialdean. 2000. urtean, esaterako, AEBetako USSCole gerraontziari eraso zioten, eta 17 militar hil zituzten. Bi urte geroago, berriz, pertsona bat hil zuten Frantziako petroliontzi baten aurkako atentatuan. Poliziaren esanetan, joan den hilabetean Al Kaeda eraso bat prestatzen ari zela jakin zuten.
Espainiako Atzerri Ministerioak ohartarazi du inork hara joateko asmoa izanez gero, kontu handiz ibiltzeko, eta segurtasun neurriak hartzeko. «Ekintza terroristak egiteko arriskua dago eta zenbait tribuk atzerritarrak bahitzera jotzen dute Gobernuarengandik zerbait lortu nahi dutenean».
Espainiako Atzerri Ministerioak hegazkin bat bidaliko du, gorpuak lehenbailehen hartu eta Yemendik ateratzeko.
Zazpi turista hil dituzte Yemenen, sei euskal herritar zituen talde baten aurkako erasoan
Eraso suizidan hildakoetako bat Mikel Essery gidaria eta Banoa bidaia agentziako sortzailea da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu