Zeharkako politikak

2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Diputatu nagusiaren bulegoko zuzendaritzek Foru Aldundiaren «zeharkako politikak» definituko dituzte. Bost dira.

Euskara. Zigor Etxeburua zuzendariak azaldu duenez, aldundiak kontratatuko dituen langile guztiak eleaniztunak izango dira, eta egun langile direnentzat euskalduntze plan bat bultzatuko da. Enpresetan ere bultzatuko dira euskalduntze planak. Helduen euskalduntzea doan izan dadin pausoak emango dira. Udalerri euskaldunen garapena lagunduko da, UEMA indartuz eta baliabideak eskainiz. Kulturgintza eta tokiko hedabideak lehenetsiko dira.

Migrazioa eta aniztasuna. Migrazio zuzendari Markos Nanklaresek azaldu duenez, etorkinen integrazioa sustatzeko, besteak beste, elkar ezagutu eta parte hartzeko guneak sortuko dira, bai herritarren artean, baita instituzio eta eragileen artean ere. Aukera berdintasuna bermatuko da.

Berdintasuna. Laura Lopez zuzendariak sei helburu finkatu ditu: indarkeriaren aurkako borroka bultzatzea, autonomia ekonomikoa bermatzea, partaidetza soziopolitikoa sustatzea, kultura horizontal bat bultzatzea, sexu aniztasuna bermatzea eta berdintasunezko hezkuntza ereduak bultzatzea.

Herritarren partaidetza. Arantza Ruiz de Larrinaga zuzendariak azaldu duenez, parte hartzerako tresnak programa orokor eta integral batean zehaztuko dituzte. Iaz onartutako foru araua oinarri hartuta, instituzioei jarraipena, ebaluazioa eta ikuskaritza egiteko tresnak jarriko dira, eta erabakitzeko prozesuak irekiko dira.

Giza eskubideak. Marina Bidasoro zuzendariak adierazi duenez, biktima guztiak aitortzea eta memoria historikoa berreskuratzea izango da erronka nagusia. Elkarlana sustatzeko asmoz, giza eskubide eta memoria historikoaren alde udal sare bat sortzea proposatuko du, eta giza eskubideen institutu edo behatoki bat, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.