Zelaak zalantzan jarri du praktiketako ikasleek kotizatzeko proposamena

Aitortu du erkidegoen eta enpresarien kexak jaso dituela. EAJren ustez, EAEko lanbide heziketako ereduaren amaiera eragingo luke neurriak

Zelaa, Espainiako Kongresuan atzo eginiko agerraldiaren aurretik. J. LIZON / EFE.
jokin sagarzazu
2019ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Enpresetan praktikak egiten dituzten ikasleek Gizarte Segurantzan kotizatzea proposatu du Espainiako Gobernuak, baina Isabel Zelaa Hezkuntza ministro eta gobernuko bozeramaileak zehaztu du atzera egiteko prest daudela neurria «kaltegarria» bada hezkuntza administrazioentzat edota enpresarientzat. Lan Ministerioari dagokio garatzea neurria jasotzen duen lege dekretua. Zelaak azaldu du ekonomiako eta hezkuntzako eragileen gogoetak biltzen ari direla, eta Kongresuko taldeek ere iritzia emateko eta zuzenketak jartzeko aukera izango dutela.

PPk eskatuta egin du agerraldia Zelaak, eta zenbait zehaztapen egin ditu, taldeen galderen aurretik. Azaldu du hezkuntzako eragileek agertu dizkiotela «kezkak»: esan diotela kotizazioak ordaintzea hezkuntzako administrazioen esku geratuko balitz horrek eragin zuzena izango lukeela euren aurrekontuetan; edota enpresarien esku geratuko balitz ikastetxeek «zailtasun gehiago» izango lituzketela praktiketako ikasleak kontratatzen dituzten lantegiekin hitzarmenak egiteko. Halaber, aitortu du enpresariak ere «uzkur» azaldu direla neurriarekin.

Unibertsitate eta lanbide heziketako ikasleei eragingo lieke neurriak, ordaindutako praktikak izan zein ez; gaur egun, ordaindu gabeetan ez dute kotizatzen. Besteetan, Gizarte Segurantzak hartzen du bere gain diru hori.

Taldeen artean EAJ azaldu da kritikoen. Uste du Zelaak berak ez duela defendatzen egitasmoa. Neurria Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzea «oso zaila» izango litzatekeela ohartarazi du, «kaos administratiboa» eragingo lukeelako, eta egun indarrean dagoen lanbide heziketako ereduaren amaiera eragingo lukeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.