Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez ditu itxaron 24 ordu ere LAB sindikatuari erantzuteko: «Ikastetxe publikoetan eta itunpekoetan ez dira eskola orduak galdu, eta ordezkapen sistemak egoki funtzionatzen du». Asteazkenean, LABek ziurtatu zuen irakasleak ordezkatzeari buruz aurreikusitako murrizketak bete direla, eta horri planifikazio «akats larriak gehituta», iraileko bigarren hamabostaldian 10.638 eskola ordu galdu direla. Izan ere, haien arabera, ikastetxe askotan irakasleak falta izan dira; beste irakasle askok jakin dute euren lanpostua ez zela existitzen edo emanda zegoela, eta gaixoaldiak ez dira bosgarren egunera arte estali, nahiz eta hasieratik jakin bost egun baino gehiagoz faltako zirela. Gainera, «lanpostuak desagerraraztea» ere egotzi diote Isabel Zelaak gidatzen duen sailari.
Hezkuntza Sailak prentsa ohar baten bidez, ordea, ukatu egin ditu datu horiek, eta egungo dekretuaren defentsa egin du. Nabarmendu duenez, egungo araudia (185/2010 dekretuaren 20. artikulua) aurrekoaren (182/2007 dekretuaren 18. artikulua) oso antzekoa da, eta aplikatzeko modua zehazten duen zirkularrak araudi horren baldintzak eta malgutasunerako tarteak «oso ondo» aurreikusten ditu, «titularitate publikoko ikastetxeetan inolako arazorik gerta ez dadin». Gainera, Jaurlaritzaren arabera, araudi horren bidez, hasieratik ordezkatzen dira amatasun edo prestakuntza baimenak. Horregatik, euren irudiko, ordezkapenak betetzeko «araudirik egokiena» da.
LABek eginiko kritikak «harritu» egin du Hezkuntza Saila, eta irakaskuntza publikoaren «izen ona zikintzen» ari dela dio, «familiek sare publikoa nahiago duten honetan».
Nafarroako murrizketak
ELAk salatu egin ditu UPNk eta PSNk adostu dituzten neurriak itunpeko hezkuntzan murrizketak egiteko. Irakasleei soldatak gutxitu dizkietela salatu du, eta 12/2010 legea bertan behera uzteko eskatu du, «negoziazio kolektiboaren aurkakoa delako eta egungo lan itunak aldatzen dituelako».
Zelaaren sailak ukatu egin du eskola orduak galdu direla
Ikastetxe publikoen «izen ona zikindu nahi izatea» egotzi dio LABi, «familiek sare hori nahiago duten honetan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu