Orozkoko andre batek egin du salaketa: atzo goizean Bilboko klinika batera, proba mediku bat egitera, eta bukatutakoan boxetara zeraman zeladoreak eraso egin zion. Aiaraldea.eus atariak eman du salaketaren berri. Emakumeak berak kontatu die gertatutakoa: «Proba egin eta gero boxetara igo ninduten, oraindik lasaigarrien eraginpean nengoela. Zeladoreak —gizonezkoa— baginan sartu zizkidan atzamarrak. ‘Lasai, gozatu, erlaxatu...’, esaten zidan. Begiak ireki nituen, ez nekien zer egin, ez nuen sinistu nahi». Emakumearen lekukotzaren arabera, ondoren bularrak ukitu zitzaion.
Erietxetik irten aurretik medikuarekin hitz egitea erabaki zuen. «Gaizki sentitzen nintzen. Lotsa gainditu eta dena kontatu nion». Medikua salaketaren larritasunaz jabetu zen, eta solairuko arduradunarengana jo zuten segidan. Hark andrearekin izandako jarrera ez zen egokia izan: «Seguru nengoen galdetu zidan, zalantzakor. ‘Emakumeok badakigu non sartzen diguten eskua’, argitu nion». Erasotzaileak ondoren izandako jarrera ere salatu du: «Medikuarekin ari nintzela irribarretsu sartu zen bulegora. Igogailuraino jarraitu ninduen, ‘egun zoriontsua izan’ esateko».
Aiaraldeko mugimendu feministak eta Matxintxuk taldeak «elkartasun osoa» adierazi diote. Biharko elkarretaratzera deitu dute Orozkon bertan: 19:30ean izango da, Zubiaur plazan.