Pozik agertu da Zelai Nikolas, Gure Esku Dago ekimeneko bozeramailea. Urtebeteko lan gogorraren ostean, 150.000 lagunek osatutako giza kateak esan nahi argia du haren iritziz: "Abian dagoen herri baten argazkia izan zen atzokoa". Katea, ordea, lehen pausoa izan zen, baina haren atzetik gehiago etorriko dira. Orain horiek zer nolakoak izango diren erabaki beharko dute herritarrek.
Nikolasek gogoratu du rabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaidak "beldur eta tentsio giroa" eragin duela azken urteotan. Hori dela eta, hausnartzeko garaia heldu dela nabarmendu du: "Herriak fase berri honetan eskaini dezakeenaren inguruan hausnartu behar dugu. Orain arte parte hartu duen jendearekin eta aurrerantzean parte hartu nahi duenarekin batera egiin behar dugu hausnarketa. GUre Esku Dago-k sare zabala osatu du, eta orain elkar entzuteko eta ezagutzeko garaia da".
Entzun beharreko mezua
Lazkaon izan zen atzo Angel Oiarbide, Gure Esku Dago ekimeneko sustatzailea. Baikor zegoen orduan, eta baita gaur ere. "Sentimendu asko azaleratu zen atzo. Herritarrak motz motzean elkarri eskutik helduta", nabarmendu du Oiarbidek Euskadi Irratian. Haren esanetan, amankomuneko puntuak bilatu eta elkarlanean hasteko aukera da ekimen honek eskaini duena.
Bi hilabetean 22.000 lagunetik 150.000era pasa izana arrakastatzat jo du Oiarbidek. "Giza katea tresna bat izan da. Hilabetetako elkarlana behar izan da. Eta horrek bere zailtasunak izan ditu".
Oiarbidek zehaztu du, hala ere, helburua ez dela politikariei mezua helaraztea, herritarrak protagonista sentitzea baizik. "Atzoko ariketa ezinezkoa zatekeen hamar politikarirekin edota hogei pertsonaia ezagunekin. Atzokoa urtebeteko entseguen ondorio izan zen. Honek izango du noski isla politikagintzan, hori baita demokrazia. Politikariak herritarren nahia aurrera eramateko tresnak dira, nahiz eta batzuetan ahaztu egiten dugun". Haren iritziz, planteatu ezinekoa litzateke herritar multzo handi baten nahiari entzungor egitea.
Hurrengo pausoak ere aztergai izan ditu Oiarbidek: "Giza katea tresna bat izan da, herrietan gertatzen ari dena erakusteko balio izan duena. Lubakien gainean zubiak eraikitzen ari direla erakusteko".