Bikoitza da zinema aretoetako filmak hizkuntza gutxituetara bikoizteko eztabaidaren muina. Ekonomikoa da hein handi batean, baina baita politikoa ere beste batean. Borondatea eta dirua, biak behar dira. Eta bi aldeetatik egin du tira Kataluniako Gobernuak Hollywoodeko enpresa multinazionalekin datorren urteetan katalanera bikoiztu beharreko film sorta hitzartzeko. 1,4 milioi euroko laguntza jarriko dute, eta nabarmen egingo du gora katalanaren presentziak aretoetan. Hollywoodeko 5 film bikoiztu zituzten 2010ean katalanera, eta 25 izango dira, aldiz, 2012koak. Euskal Herrian ere izan da euskarara bikoiztutako filmak zinema aretoetara eramateko saiorik, baina euskarak zinema aretoetan ez du oraindik normalizatutako presentziarik. Oraingoz, finkatu gabe dago eskaintza, eta sortze bidean baino ez dago eskaria. Argia da erronka zinema eta bikoizketa munduko jendearen hitzetan: Hollywood euskaraz aritzea da giltza.
«Ez da lan erraza», aitortzen du Marian Galarragak, eta badaki zertaz ari den. 30 urtetik gora daramatza bikoizketan, eta bera ere aritu zen garai batean «major» deitzen dituzten film banaketa enpresa handi horietan ate-joka. Tinko izeneko elkartea sortu zuen 1993an lagun batzuekin, euskara zinema aretoetara ere helarazteko, eta haiek bikoiztu zuten areto komertzialetara heldu zen lehen filma: Alargunaren gailurra. Maiz izan da Galarraga filmak euskarara bikoizteko eskubideak lortzeko borrokan, eta ezagutzen ditu Hollywoodeko ordezkarien ezetzak. «Euskal Herria oso txikia da, eta kataluniarrek askoz ere bezero potentzial gehiago dituzte guk baino. Negozio gisa ulertzen dute hau zinema banatzaile handiek. Haiei ez zaie axola hizkuntza batek aurrera egiten duen ala ez. Kataluniarrek errazagoa dute bidea, haiek gu baino gehiago direlako».
Ez da kopuru kontu soila ere, ordea. Konpromisoak ere badu bere garrantzia. Agintariek gehiago egin lezaketela uste du Galarragak. Gogoratzen duenez, bera eta Tinko Elkarteko kideak izan ziren Eusko Jaurlaritzari euskara areto komertzialetara hedatzeko proiektua aurkeztu ziotenak. Onartu egin zuten egitasmoa eta bere gain hartu zuten. Hura izan zen egun Zinema Euskaraz izeneko egitasmoaren hazia. Urtean 20 bat lan ematen dira euskaraz orain ekimen horren laguntzei esker, eta hau da oraingoz Euskal Herriko bikoizketaren inguruko pisuzko lan instituzional bakarra, Jaurlaritzarena. Baina lana hobeki egin daitekeela uste du Galarragak. Planteamendu politiko indartsuagoak behar direla dio, eta Katalunia jartzen du adibidetzat berriz. «Katalunian Generalitatek egiten ditu, zuzenean, negoziazioak, eta hemengo agintariek, ez».
Kalitatearen galbahea
Orain dela bost bat urtekoa izan zen euskarara bikoiztutako zinemaren urrezko aroa, Galarragaren hitzetan. «Hilean behin heltzen zen film bat euskaraz areto komertzialetara, eta hiru bat urte iraun zuen horrek. Gero Eusko Jaurlaritzak lan hori bere gain hartzeari utzi, eta Euskadiko Filmategiari pasatu zion programaren ardura. Jende berriak hasi behar izan zuen lanean, eta hor hautsi zen zinema euskaraz normaltasunez ikusi ahal izateko bidea, nire ustez. Filmategitik EITBri pasatu zioten pilota ondoren, eta hark enpresa pribatu bati. Nahasketa heldu zen». Kontua ez omen da lanik egin ez dela. Lana hobeki egin behar zela baizik. «Filmak bikoiztu egin dira, bai, baina erdaraz ere inork ikusiko ez lituzkeenak».
Izan ere, hori da zinema aretoetan euskara normalizatzeko klabe nagusia: kalitatea. Bikoiztuko direnen hautaketa ongi egitea. Handia da 35 milimetroko film bat bikoizteko kostua, eta garrantzitsua da film onak aukeratzea. «Ezin da jakin zein izango den film arrakastatsu bat, baina badaude pista batzuk. Banaketa etxerik handienekoak dira aretoetako filmen %90. Helduentzako Europako filmak bikoizteak oso kostu handia du, eta ez da bideragarria. Haurrentzako filmak dira bikoiztu beharrekoak. Horiek beti dute arrakasta. Gurasoak desiratzen daude beren haurrei euskarazko zerbait eskaintzeko. Helduentzako filmek badute bikoizketaz bestelako aukerarik. Azpidatziak, adibidez. Heldu batek ikus ditzake horiek, baina haur batek ez. Bikoiztuta eman behar zaio filma».
Galarragaren iritzi berekoa da Josetxo Montero Golem enpresako kidea. Zinema aretoak izateaz gain, filmak ere banatzen dituzte, eta, Morenoren hitzetan, bikoiztu beharreko filmen hautaketa da lehen-lehenik zaindu beharrekoa. Horretan asmatu dute kataluniarrek. «Hitzarmenetik kanpo utzi gaituzte kataluniarrek banatzaile independenteak, baina ulergarria da. AEBetako azken filma ikustea da gehienei interesatzen zaiena. Film horiek ikusteko ordaintzen dute sarrera, eta ez guk banatzen dugun film irandarra ikusteko. Multinazionalekin hitzarmenen bat lortzea da benetako erronka hemen ere».
Aretoentzako laguntzak
Ezagunak ditu Morenok egokia ez den film bat bikoiztearen ondorioak. Haiek ere bikoiztu dute euskarara filmen bat edo beste Jaurlaritzaren laguntzei esker, baina ez omen da oso esperientzia ona izan. «Ez zuen arrakastarik izan. Film independenteak dira gureak, eta ez zen jende gehiegi hurbildu. Egun euskarara bikoizten diren filmetariko askok publikoarentzat ez dute berezko interesik. Ez euskaraz eta ezjatorrizko hizkuntzan ere. Eta ez du inolako zentzurik euskaraz bikoizteko kanpainak halako filmekin egiteak. Dozena bat film bilatu behar lirateke urte osorako. Baina erakargarriak».
Morenok dioenez, aretoek ordaindu behar izan dute, batez ere,hautaketa okerra. «Banatzaileari bikoizketa egiteko lanak ordaindu egiten zaizkio, baita publizitatea egitekoak ere. Aretoei, ordea, ez zaigu laguntzarik eman. Eta film bikoiztua karteldegian jarri arren, batzuetan inor ere ez zen joaten ikustera. Banatzaileentzat bezala, aretoentzako laguntza neurri batzuk ere onartu behar lirateke. Hala egin ezean, aretoek ez dute emanaldirik egin nahiko. Euskaraz edo gazteleraz izan, film bikoiztuek berez interes handirik ere ez dutelako. Aretoa hutsik geldituz gero konpentsazioren batekegon behar luke».
Elkarrizketa da negoziazioak bideratzeko modua. Hori da, behintzat, Kataluniako esperientziak erakusten duena, Morenoren hitzetan. Bigarren kolpean asmatu dute formularekin. Izan ere, Jose Montillak gidatutako aurreko gobernuak katalanezko bikoizketei kuota batzuk ezartzea erabaki zuen 2009an. Urtean estreinatzekoak ziren lanen %50ek behar zuten katalanez, haren arabera, eta portzentaje horiek betetzen ez zituzten aretoei zigorrak jartzeko prest ere azaldu ziren. Protesta egin zuten banatzaileek, eta egun bateko greba ere bai aretoek. Bat datoz berriz ere Galarraga eta Moreno. «Hori ez zen bidea». Banatzaile askoren itxiera ekar zezakeen neurri horrek, Morenoren hitzetan. «Orain egin duten hitzarmena askoz ere zentzuzkoagoa da».
Gidaritza falta
Zaila da eredu hori Euskal Herrira ekartzea; hala onartu du Miren Dobaran Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak, baina «estrategikoa» da apustua. «Zaila da bikoizketak egitea, bai, baita garestia ere, baina ezin da lan hori albo batera utzi. Jendearen ohitura aldatuz joatea da kontua. Ez da egun batetik bestera egingo den zerbait, eta, horregatik, umeekin hasi behar da lana. Literaturan egin da hori. Harry Potter euskaraz irakurri dute gazte askok, eskolan horretara ohitu dituztelako, zergatik ez da lortuko zinemarekin?».
Txertatuta dago euskara eskoletan, eta aisialdian dago orain lana. Horregatik sortu du aurten Dobaranen sailak Zinema Zabaltzen egitasmoa. Umeentzako bi film bikoiztu dituzte hari esker. Baina banaketa ere bada garrantzitsua. «Kontua ez da bakarrik filmak bikoiztea. Banatu ere egin behar dira. Hiriburuetara eramateaz gain, herrietara ere joan behar da lan horiekin. Zinema aretoak gutxitzen ari dira, asko itxi egin dituztelako, eta jendeari ahalik eta eskuragarrien jarri behar zaio eskaintza». Horregatik, filmak bikoizteko proiektuaz gain, lan horiek herrietara eramateko ekimen bat ere badute martxan aurten: Bizkai Films.
Bizkaiko ia 30 herritara ere eraman dituzte filmak, eta 200 emanalditik gora egin dituzte, eta, Dobaranen hitzetan, «arrakastatsua» izan da esperientzia. Eskarian eta eskaintzan dago jokoa. «Esaten da ez dagoela euskaraz bikoiztutako filmentzako nahikoa eskari, baina eskaintza da lehenik sortu behar dena, eta hala sortuko da eskaria».
Eusko Jaurlaritzak du egun zinemaren eskuduntza, halere, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan, Dobaranek adierazi duenez, eta ez Foru Aldundiek. «Guk euskarazko bikoizketak bultzatu ditugu, euskara sustatzeko bide bat dela iruditzen zaigulako. Baina Jaurlaritzak gidaritza hartu behar luke gai honetan». BERRIA saiatu da Jaurlaritzarekin harremanetan jartzen baina ez du erantzunik jaso.
Esperantza izpiak
Gidaritza faltaz mintzo da Galarraga ere, baina baita esperantzaz ere. «Kataluniarrek bidea ireki badute, euskaldunok ere joan behar genuke bide hori egitera. Itxaropena badut nik. Banatzaile multinazional horiengana joan eta guk ere horixe nahi dugula esateko ordua da. Nik ere egin dezaket hori, baina ni ez naiz hori egitekoa. Ez dagokit niri».
Digitalizazioa ere alde du euskararako bikoizketagintzak, Galarragaren ustez. Merketu egiten ditu lanak, eta, zirrikitu bat uzten dio esperantzari. «Badago zinemetan antolatzen diren lau saioetariko bat euskaraz izatea lortzeko aukerarik». Saio bat eguneko. Ez da zenbaki handia, baina bada egungo eskaintza nabarmen gainditzeko bestekoa. Bikoitza da zenbaki horietara heltzeko egin beharreko esfortzua; ekonomikoa, eta politikoa. Eta Kataluniako eredua euskarara bikoiztea izan liteke Hollywood euskalduntzeko bidea.
Zinema. Bikoizketarako laguntzak
Zeluloidea euskalduntzen
Urteak badira filmak euskarara bikoizten direnetik, baina aretoak normalizaziotik urrun dira oraindik. Apustu politiko irmoagoa behar da, industriako jendearen ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu