Politika

Zenarrutzabeitiak dio galdeketa dela-eta Europan salaketa sartuko dutela

Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak ez du datarik eman. Ibarretxe lehendakariak dio erabaki eskubidea Europan defendituko duela, nola jakinarazi gabe. Larunbatean ekimen bateratua egingo dute EAJk, EAk, EBk eta Aralarrek.

2008ko urriaren 23a
16:00
Entzun
Larunbat honetan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herri galdeketa egitekoa bakeaz eta normalizazio politikoaz, ez da egingo, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin duelako, eta Idoia Zenarrutzabeitia Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak gaur Euskadi Irratian esan du Europa Batasuneko Giza Eskubideen Auzitegian Espainiako Estatuaren kontrako salaketa sartuko dutela. Ez du datarik eman.

Gauza bera adierazi zuen irailaren hasieran Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak, Konstituzionalaren erabakiak "pentsatzeko, adierazteko eta elkartzeko eskubideak urratzeagatik", baina gero kontua hoztu egin zen, eta EAJk, EAk, EBk eta Aralarrek ateratako oharrean ez zuten erakunde hura aipatu.

Gaur goizean bertan, Ibarretxek Radio Euskadin ez du aipatutako salaketaz xehetasunik eman. Erabaki eskubidea Europan "defendituko" duela esan du. "Gure iritzia emateko eskubidea ezin du inork eragotzi, eta hori, etorriko da".

Larunbatean ekimen bateratua egingo dute lau alderdi horiek. Hitza hitz leloa hartuta. Bizkaian, Gernika-Lumon Euskal hitza eratu nahi dute, Zornotzan Herria, Durangon Bakea eta Urkiolan Bai, eta Araban, Legution Erabakia eta Gasteizen Bai. Kontzentrazio guztiak goizez egingo dituzte. Gasteizko 13:00etatik ekitaldia egingo dute.

Eusko Legebiltzarrak 2008ko ekainaren 27an onartu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsulta egiteko Galdeketaren Legea (gehiengoa osoa lortzeko, EAJ, EA, EB eta Aralarren botoak ez ezik, EHAK-ko batena ere jaso zuen legeak), eta irailean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.