Egibar Madrilgo erietxe batera bidali dute Auzitegi Nazionaletik pneumonia duela egiaztatzeko frogak egin diezaizkioten. Txosten hori bihar arte ez du eskuratuko epaimahiak, eta, beraz, bihar goizeko hamar eta erdiak arte eten dute epaiketa.
Era berean, Arantza Zulueta defentsako abokatuak gripea duela egiaztatu du epaitegiko auzi medikuak, eta egun bateko atsedena behar duela erabaki du. Hori izan da saioa bihar arte atzeratzeko beste arrazoietako bat.
Iñigo Elkoro auzipetuaren arazoa korapilatsuagoa da: ebakuntza egin zioten hesteetan, eta medikuen txostenen arabera, gutxienez bizpahiru hilabete beharko ditu guztiz bere onera etorri eta epaiketa jarraitzeko moduan egoteko. Hori dela eta, epe hori bete arte epaiketa bertan behera uzteko eskatu du Jone Goirizelaia Elkororen abokatuak.
Epaiketa hilabete baino gehiagoz etengo balitz, ordea, hasiera-hasieratik ekin beharko litzaioke berriro. Aukera horren aurrean Elkoro bera bakarrik, bereizeta, epaitzeko eskatu du Fiskaltzak, edo, bestela, Xaki atala epaiketa nagusitik atera eta banatuta epaitzeko. Gaur gaixorik daudela argudiatu duten Egibar zein Elkoro, biak, Xaki atalean daude auzipetuta.
Beste zenbait auzipetuk ere azaldu dut gaur osasun arazoak dituztela, besteka beste, epaiketarako joan-etorrietako batean istripua izan zuen Olatz Egigurenek. Auzi medikuak, ordea, epaiketa jarraitzeko moduan dagoela erabaki du.
Bi asteko etenaren ondoren, gaur zen berriro hastekoa 18/98 auziko epaiketa, abenduaren 20tik ez baita auzo saio bakar bat egin. Izan ere, Garzon epaileak 1989tik poliziaren ikerketetan oinarrituta metatu dituen 75/89 aurreko diligentziak epaiketa hasi eta gero heldu dira defentsako abokatuen eskutara, eta, gainera, inolako ordenik gabe. Akusazio asko orain arte ezkutuan egon diren aurreko diligentzia horietan oinarritzen dira, eta defentsako abokatuek behin eta berriz agertu dute agiri horiek behar bezala aztertzeko betarik gabe ezin dutela defentsa behar bezala gauzatu; hau da, auzipetuen defentsa eskubidea urratzen dela.
Eguberrietako oporren etenaren ondoren agiri horiek ikertzeko astia eskatu zuten abokatuek, eta urtarrilaren 30 artekoa eman zien epaimahaiak. Egun horretan epaiketa berriro abiatu zenean, epe hori ez zela nahikoa izan argudiatu zuten abokatuek, eta etena eskatu zuten berriro. Gaur artekoa erabaki zuen epaimahaiak, baina defentsaren iduriko laburregia da.
Xabier Alegriak deklaratu behar zuen gaur. Epaiketa handi horretan zigor eskaera handiena duen auzipetua da: 51 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzakETAko kide izatea, kontabilitatea faltsutzea eta ogasunari iruzur egitea egotzita.
'18/98 auzia'
Zenbait auzipeturen osasun arazoak tarteko epaiketa eteteko eskatu du berriro defentsak
Gaur ekin behar zioten berriro Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean, '18/98 auziko' epaiketari, baina saioa hasi eta segituan etena eskatu du defentsak, auzipetuetako zenbait eta abokatuetako bat gaixorik zeudela argudiatuta. Hala, Iñigo Elkoro auzipetuari hesteen ebakuntza egin diote, eta gutxienez bizpahiru hilabete beharko ditu guztiz bere onera etortzeko. Mikel Egibarrek, berriz, pneumonia du. Arantza Zulueta defensako abokatuak, berriz, gripea dauka. Gaur, azkenean, ez da auzi saiorik izan, Egibarri frogak egin artean, bihar 10:30ak arte bertan behera utzi baitu epaimahaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu