IMMIGRAZIOA

Zenbakien atzeko gizakiak

Mugak Zabalduz karabana Euskal Herritik Melillarantz (Espainia) abiatuko da uztailaren 14an. Zabaldiko Bea Beorlegi Iruñeko autobusean izanen da. Hegoaldeko mugan gertatzen denari bide ematen dioten politikak salatu nahi dituzte, eta elkartasuna agertu han direnei.

jarraia136191.jpg
edurne elizondo
2017ko ekainaren 23a
12:53
Entzun

Asteburu bakar batean Mediterraneo itsasoan 100 edo 200 pertsona hil direla esaten digute telebista kateek; garrantzirik eman gabe; pertsonak beharrean, zenbakiak aipatuz. Eta ematen du hondamendi natural batek hil dituela. Ez digute azaltzen zergatik ziren txalupa batean; zergatik ez duten bidaia egin hegazkinez. Errealitatea itxuragabetzen dute, zenbakien atzean dauden aurpegiak, zenbakien atzeko pertsonak ezkutatu arte”.

Hedabideek egiten duten kontakizunaz harago, errealitate hori zuzenean eta bere gordinean ezagutu nahi du Bea Beorlegik; estatistika huts bilakatzen dituzten gizakiak ezagutu. Zabaldiko kide da, eta datorren uztailaren 14an Euskal Herritik Melillarantz (Espainia) abiatuko den elkartasun karabanan izanen da. Iaz, Greziara antolatu zuen bidaia Mugak Zabalduz ekinaldiak, eta, aurten, hegoaldeko mugari egin nahi izan dio so. Gertu, eta, aldi berean, hagitz urrun dagoelako. Hango errealitatea, oraindik ere, arrotz delako herritar anitzentzat. Han gertatzen dena ikustera, kontatzera eta salatzera joan nahi du Beorlegik Melillara.

Hamaika bilera egin dituzte jada karabanarekin bat eginen duten Iruñeko elkarteek eta eragileek. Iruñea Harrera Hiria dinamikaren ingurukoak dira gehienak. Asmoa da Nafarroatik autobus bat abiatzea; Hego Euskal Herriko bertze herrialdeek ere bat egin dute ekinaldiarekin. “Denera, 4-5 autobus betetzea espero dugu”, azaldu du Beorlegik. Hilaren amaierara arte bada denbora, oraindik ere, izena emateko. Bi helbide badira hori egiteko: abriendofronteras.net eta [email protected].

Bidaia hasteko gogoz da Beorlegi. Argi du esperientziak ahalbidetuko duela zubiak eraikitzea Europako politika migratzaileen aurka ari diren elkarteen eta pertsonen artean, eta elkarlan horrek ekarriko duela egun Europan gertatzen ari dena ozenago salatzeko aukera. “Ezin dugu telebistari so jarraitu, ‘zer gaizki’ esanez, baina deus egin gabe; hitzak bainoago, ekintzak behar ditugu”, berretsi du Beorlegik.

Hesia, mafiak eta Polizia

Saharaz hegoaldeko migratzaileekin batera, Siriako gerratik ihes egin duten errefuxiatu ugari ere ailegatu dira Melillako mugara, bertzeak bertze. Hesira igotako pertsonak erakusten dituzten irudietan, halere, Saharaz hegoaldekoak baino ez dira agertzen, babesa eskatzeko bulegoa dagoen arren, Saharaz hegoaldekoentzat hagitz zaila delako bide horretan aurrera egitea. Bulegoa 2014. urtean zabaldu zuten, eta, ordutik, urte hasierako Espainiako Gobernuaren datuen arabera, 9.600 pertsonak eskatu dute babesa; gehienak Siria, Yemen, Irak eta Libiakoak dira.

Saharaz hegoaldeko migratzaileen kasuan, oztopo anitz dituzte. Marokoko Poliziak ez die Espainiara ailegatzen uzten, babesa eska dezaten. Mafiek kontrolatzen dute migratzaileek Marokon egiten duten bidea, eta ez dira dirua galtzeko prest. Espainiak, gainera, hagitz protokolo zorrotz eta gogorra du Saharaz hegoaldeko pertsonentzat, eta babesa eskatzeko benetako aukerarik gabe uzten ditu.

Beorlegik ez dio so egin nahi Melillako mugara ailegatzen direnen jatorriari; ezta sorterria uzteko izan dituzten arrazoiei ere. “Errefuxiatuen eta migratzaileen arteko dikotomia bazter utzi nahi dugu, denok dugulako toki batetik bertzera mugitzeko eskubidea”.

“Dirua mugitzeko arazorik ez da; gizakientzat, berriz, hesiz bete nahi dute Europa”, erantsi du. Melillako hesian muga hori gainditu nahi dituztenak momentuan kanporatzen dituztela salatu du Beorlegik. “Legez kanpo jokatzen dute, eta pertsonen eskubideak urratzen dituzte; erabatekoa da zigorgabetasuna”. Hesia, berez, Espainiako Gobernuaren menpeko lurretan da, baina gobernu horrek dio guardia zibilek edo Espainiako poliziek osatutako giza hesia gainditu behar dutela migratzaileek, Espainian direla onartzeko. Melillako hesian lan egiten duten gobernuz kanpoko hainbat erakundek salatu dute idatzi gabeko protokoloa dela hori, eta ahalbidetzen duela Saharaz hegoaldeko pertsonak Marokora itzultzea, hesitik jaitsi bezain pronto. Konorterik gabe ziren pertsonak ere kanporatu izan dituztela salatu dute erakunde horiek.

Bea Beorlegik bertze auzi bat jarri nahi izan du erdigunean: egunero Marokotik Espainiako muga zeharkatzen duten zama eramaileena. “Ikaragarria da emakume horiek garraiatzen duten pisua; enpresek zergarik ez ordaintzeko erabiltzen dituzte emakumeok, eta muga zeharkatzeko unean sortzen diren jende oldeetan hainbat hil dira jada”.

Espainiak eta Marokok duten ardura agerian utzi nahi du karabanak, eta migrazioari buruzko beren politikak salatu. “Europako Batasunak Maroko eta Turkia erabiltzen ditu lan zikina egiteko; bidean, migratzaileen eskubideak urratzen dituzte, etengabe”.

Melillako errealitate gordin horiek ezagutu eta salatu nahi ditu uztaileko karabanak, eta, aldi berean, hango eguneroko latz eta konplexuan harrapatuta direnei elkartasuna agertu. Melillan bat egiten duten migratzaileak laguntzeko lan egiten duten elkarteekin ere harremanak sendotu nahi dituzte. “Gutxi dira, baina lan garrantzitsua egiten dute, eta elkartasuna agertu nahi diegu haiei ere”.

Lehen helmuga, Bardea

Uztailaren 14an abiatuko da karabana, eta, egun horretan bertan, Bardea izanen dute parte hartzaileek lehendabiziko helmuga. Hango tiro eremuaren aurkako ekitaldia eginen dute, azpiegitura horren gisakoek nazioarteko gatazketan betetzen duten rola salatzeko. “Siriako gerra urrun dugula iruditzen zaigu, baina gure etxean ari dira gero nazioarteko gatazketan erabiliko dituzten armak probatzen; ezin dugu bazter utzi nazioarteko potentziek gatazka horien sorreran duten erantzukizuna ere”, erran du Bea Beorlegik.

Uztailaren 15ean Madrilera iritsiko da karabana, eta, biharamunean, berriz, Andaluziara (Espainia). Algecirasen, bertzeak bertze, CIE atzerritarrentzako zentro itxiaren aurrean protesta eginen dute. Uztailaren 16an, Malagan izanen da karabana, eta handik abiatuko da Melillarantz. Melillatik Almeriara eginen dute bidea, eta hango negutegietan azken protesta egin eta gero, Nafarroarantz itzuliko dira hemendik joandako parte hartzaileak, uztailaren 22an.

Gogoz da Beorlegi, eta gizartean errefuxiatuen aldeko jarrera nagusi dela argi du. “Ezin dugu ahaztu herritarrok badugula gauzak aldatzeko gaitasuna”, erran du. Adibide gisa aipatu du Cheikh Dieng senegaldarraren auzia; duela hamar urte ailegatu zen Txantreara, eta kanporatzeko agindu du, orain, epaile batek. Auzokideen babesa eta elkartasuna jaso ditu. “Hori da bidea; nahi dugun tokian bizitzeko eskubidea dugu”.

Errefuxiatuen nazioarteko eguna izan zen asteartea. Hogei pertsonak egiten dute ihes sorterritik, minutuero. 2014tik, 14.000 baino gehiago hil dira Mediterraneoan, itota. Zenbakiek atzean dauden gizakiak ezkuta ez ditzaten joanen da Bea Beorlegi Melillara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.