Euskal presoak

Zengotitabengoa presoaren egoera salatzeko eskatu dio sendiak Eusko Legebiltzarrari

Alabei aitarekin izateko eskubidea urratzen zaiela salatu dute haren bikotekideak eta abokatuak, eta "laguntza" eskatu diote legebiltzarrari.

Andoni Zengotitabengoa, atxilo hartu zutenean. JOSE SENA GOULAO, EFE
edurne begiristain
2015eko otsailaren 26a
21:38
Entzun

Andoni Zengotitabengoa Elorrioko presoak eta bere familiak bizi duen "salbuespenezko egoera" salatzeko eskaera eraman du gaur haren sendiak Eusko Legebiltzarrera. Iera Abadiano euskal presoaren bikotekidea, Iñaki Goioaga abokatua eta  Haizea Barandiaran psikologoa Giza Eskubideen Batzordean izan dira, euskal presoak bizi duen egoera azaldu eta legebiltzarrari "laguntza" eskatzeko.  Izan ere, Zengotitabengoak bost urte daramatza Lisboako Monsanto espetxean, Portugalek segurtasun gorenerako duen kartzelan. Bizi-baldintza gogorrak ditu, muturrekoak, eta ia ezinezkoa du familiarekin harrema mantentzea. Eta ez presoari berari soilik, baita bikotekideari, eta dituzten bi alabei ere eskubideak urratzen zaizkiela salatu dute. Abadianok kontatu duenez, urtean behin du presoak bere alabak besarkatzeko aukera, baina metro bat eta hogei zentimetroko garaieran dago bisiten gelako kristala, eta altuera horren parekoa denez alaba batena, aita ikusi ezinik ibiltzen da. Alaba nagusienak psikoterapiaren beharra dauka, eta medikuek aitarekin kontaktu gehiago izatea gomendatu dutela azaldu du, berriz, psikologoak.

Presoa segurtasun goreneko kartzelan izatea "krudela" dela eta  familiari "sufrimendua" eragiten diola salatu du bikotekideak. Hala, legebiltzarrari eskatu dio urratsak egin ditzala familiaren eskubideak errespetatuak izan daitezen, besteak beste, Zengotitabengoa espetxe erregimena aldatzeko eskaera eginez.
Iñaki Goiaga presoaren abokatuak, berriz, egoera juridikoaren berri eman du. Jakinarazi duenez, bete beharreko zigor bakar eta larriena Portugalen ezarri diotena da. Izan ere, Espainian ezarritako zigorrak preskribatuta daude. Hori hala, segurtasun goreneko espetxean egoteko "inolako elementu objektiborik" ez dagoela adierazi du.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.