Zentral eolikoei ateak ireki dizkie berriro Jaurlaritzak

Hamalau egitasmori ateak ireki, eta beste lau «behin-behinean» geldituko dituela aurreratu du Bernabe Unda sailburuak

Jon Rejado.
Gasteiz
2010eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Energia eolikoaren garapenari ateak ireki dizkio berriro Eusko Jaurlaritzak, azken urteetako irizpideak askorik aldatu gabe. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamalau egitasmori -bi parkeeoliko eta hamabi miniparke- oniritzia eman zien atzo. Natura 2000 Sarean eraiki nahi zituzten lau zentral eolikoak-Arkamu, Alda-Arlaba, Iturrieta eta Gazume- behin-behinean gelditu ditu Jaurlaritzak, eta aurreratu du berriro aztertuko direla egitasmo horiek etorkizunean.

Natura 2000 Sarea natur parkeekin alderatzerik ez dagoela jakinarazi du Nieves Teran Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak. Hau da, natur parkeetan azpiegitura zehatz batzuk debekatuta daude, baina Natura 2000 Sarean ez dago ezer debekatuta aldez aurretik. Dena den, babestutako toki horien kudeaketaren inguruko prozesu bat gertatzen ari da Europan, eta hori bukatu arte Natura 2000 Sarean egitasmorik ez ezartzea erabaki du Jaurlaritzak.

«Bertan dauden parkeen balorazioa energia eolikoaren bigarren Lurralde Sektore Planean egingo dugu», aurreratu du Teranek. Dena den, gaineratu du hainbat azterketa egingo direla jakiteko planean dauden egitasmoek zer kalte eragiten dituzten. Bigarren planean egongo diren egitasmoen azterketa orokor bat egingo du Eusko Jaurlaritzak, eta gero kasu bakoitza «zorrotz» aztertuko da jakiteko bideragarria den ingurumenari begira.

Eusko Jaurlaritza aurki hasiko da lantzen bigarren plana, bainaez du eperik aurreratu Bernabe Undak, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Berrikuntza sailburuak. Dena den, aurreratu du aurrera jarraitzen duten zentral eolikoak 2012. urtea baino lehen ez direla martxan jarriko. «Energia eolikoa EAEko mix energetikoaren barruan dago, eta horren alde lan egingo dugu».

Araba, hitzarmenetik kanpo

Eusko Legebiltzarrak eskatu baino bost hilabete beranduago argitu du Bernabe Unda Industria eta Berrikuntzako sailburuak energia eolikoaren lehen planaren garapena nondik joango den datozen urteetan. 2009ko ekainean, Eusko Legebiltzarrak aho batez eskatu zion zentral eoliko guztien egitasmoak gelditzeko eta energia eolikoaren inguruan «gizartean eta erakundeen artean adostasuna» lortzeko.

Bernabe Unda sailburuak Itun Eolikoa aurkeztu zuen atzo Eusko Legebiltzarreko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Batzordean. Energia eolikoaren garapenaren oinarriak bildu ditu Jaurlaritzak hor, eta Eudelen eta Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien oniritzia jaso du. Ordea, Arabako Aldundiari dagokionez, errota gehien har ditzakeen lurraldeko agintariek ez dute ituna sinatu. Arabako Aldundiko Ingurumen Sailak uste du onartezina delaetorkizunera begira ateak irekitzea Arkamuko, Alda-Arlabako, Iturrietako eta Gazumeko parkeei.

Itun Eolikoa onartu ondoren, Eusko Jaurlaritzak aurreratu du energia eolikoaren garapenarekin jarraituko duela, klima aldaketaren aurka egiteko EAEko plana jarraitu eta Europako Batasunak ezarritako energia berriztagarrien gutxieneko ekoizpen kopuruak betetzeko ahaleginean. Lan horretan «adostasun zabalena» lortzen ahaleginduko dela argitu du Undak, eta Arabako Aldundiarekin dagoen iritzi ezberdintasuna gainditzen lan egiten jarraituko dutela.

Energia berriztagarriak garatzekoegitasmo propioa du Arabako Foru Aldundiak, Mugarri plana. Plan horretan, errotak toki zehatzetan ezin direla jarri argudiatzen dute, Natura 2000 Sarean kasu. Ordea, plan hori «kezka baten adierazpena» baino ez dela uste du Xabier Garmendia Industria sailburuordeak, eta ez dela «modu literalean» ulertu behar. Gaineratu du energiaren garapenari dagozkion tresnak Eusko Jaurlaritzaren eskuetan daudela.

Eusko Jaurlaritzaren jarrera gogor kritikatu du Mendiak Aske elkarteak, arabarrek erabakitakoaren aurka egiteagatik. «Biltzar Nagusiek Mugarri Plana onartu zuten», gogorarazi du Koldo Ortiz de Ginea taldeko kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.