Garoñako zentral nuklearra desegiteko egutegia errespetatzeko eskatu diote eragile politiko eta sozial ugarik PPri, Espainiako Gobernuko Industria ministro Jose Manuel Soriak zentralaren jarduna 2019. urtera arte luzatzeko borondatea adierazi ondoren. Zentral nuklear «zaharkitu» hori zabalik mantentzearen arriskuak salatu dituzte, eta herritarren osasuna lehenesteko eskatu dute.
Zentralaren jarduna sei urtez luzatzeko borondateari aurre egiteko eskatu dio Arabako Bilduk herrialde horretako ahaldun nagusiari, Javier de Andresi. Gorka Ortiz de Ginea Bilduko batzarkidearen arabera, Soriaren adierazpenak «ez dira onargarriak», eta haren asmoen arriskuaz ohartarazi du: «Erreaktorean pitzadurak dituen eta 40 urtez martxan den zentral nuklear zaharkitu bat indarrean mantentzeak Arabako Foru Aldundiko arduradun nagusia kezkatu beharko luke». Japoniako Fukushima hiriko zentral nuklearrean gertatutakoa oroitarazi du Ortiz de Gineak, eta De Andresi galdegin dio Arabako biztanleen osasuna lehenets dezan: «Ez da onargarria hiriburu berde izendatu duten Gasteiztik 42 kilometrora Fukushiman terrorea eragin duen belaunaldi bereko zentral nuklear bat egotea».
PPren gobernuak Garoñako zentral nuklearraren iraupena 2019ra arte luzatzeko aukera badu PSOEk zuzendutako gobernuak herritarrei eginiko «iruzurraren» ondorio dela ziurtatu du Ezker Batuak. Arabako EBko batzarkide Nerea Galvezek oroitarazi duenez, EAJk, PPk eta PSOEk eginiko akordio batek—ekonomia iraunkorreko legeak— ahalbidetu du zentral nuklearrak 40 urtetik gora lanean izatea; horren harira, EAJren eta PSOEren jarrera salatu du: «PPk beti jokabide bera izan du, baina PSOEk eta EAJk boto ezberdina eman dute Espainiako Kongresuan eta euskal erakundeetan». Galvezek ere Fukushimako ezbeharra izan du mintzagai; han gertatutakoa energia nuklearraren inguruko eztabaidan «mugarria» izan dela uste badu ere, Soriaren asmoa «kontrako norabidean» doalakoan da.
Arazo ekonomikoen argudioa baztertzeko eta Garoñako zentrala 2013. urtean desegiteko erabakia errespetatzeko eskatu dio Eguzki talde ekologistak PPri. Elkartearen iritziz, zentrala irekita edukitzeak «ez dio onurarik ekarriko gizarteari, baina bai industriari eta interes korporatiboei».
Sei hilabete aurretik
Iberdrola eta Endesa, Garoñako zentralaren ardura duten enpresak, «baikor» azaldu dira Soriaren adierazpenak entzun eta gero. Nuclenorren akzioen jabe dira erdibana bi enpresak. Elias Fernandez Nuclenorreko eledunaren arabera, zentralaren arduradunak «aldaketak gertatzeko zain» dira; izan ere, Fernandezek azaldu du Soriak sei hilabeteko tartea duela zentrala ixteko PSOEk hartu zuen erabakia atzera botatzeko.
Zentral nuklearra eraisteko egutegia bere horretan uzteko eskatu dute
Jose Manuel Soriaren hitzek «baikortasuna» sortu dute Endesan eta Iberdrolan: «Aldaketak gertatzeko zain gaude»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu