Euskadik EAJ indartsua behar du, euskaldunen interesak Madrilen defendatuko dituen talde sendo bat", adierazi du Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak Durangon egindako ekitaldian. Espainiako hauteskundetarako hautagaiak eta kanpaina aurkeztu ditu EAJk. Ortuzarrek "dikeen gisako botoak" eskatu ditu "uholde zentralizatzaileari aurre egiteko". Lehenik Euskadi izango da jeltzaleen kanpainako leloa.
Ortuzarren aburuz, egun Espainian 1980ko hamarkadatik ikusten ez zen "irakinaldi politikoa" dago. Beraz, etor daitezkeen "zentralizazio tentaldiei" aurre egiteko prest egon behar dutela uste du EBBko presidenteak.
Katalunia ere izan du hizpide Ortuzarrek. Espainiako Gobernua "legea betetzaren" atzean ezkutatzen ari dela uste du. "Legea ez da pertsonak eta herriak mendean hartzeko aldatu ezin den zerbait. Legalitateak pertsonen zerbitzura egon behar du, horien arteko bizikidetza errazteko".
EBBko presindeteak salatu du Espainiako hainbat agintarik behin eta berriz errepikatzen dutela "politikan dena defendatu" daitekeela dioen leloa. "Defendatu bai, baina gauzatu?", galdetu dio Ortuzarrek bere buruari, eta gauzak aldatzeko orduan Espainiako alderdiei konstituzioaren "irakurketa murriztaileenaren atzean" ezkutatzea leporatu die.
Ekitaldian, Ortuzarrekin batera Iñigo Urkullu lehendakariak eta Aitor Esteban EAJren Bizkaiko zerrendaburuak parte hartu dute. Ekitaldia hasi aurretik, minutu bateko isiltasuna egin dute Parisko atentatuko biktimen omenez. Publikoan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahuldun nagusiak egon dira.