Zentsura mozioek oso udal gutxitan dute gehiengo osoa lortzeko aukera

EAk eta Aralarrek bezala EBk ere ezezkoa emanez gero, herri bakarrean egin ahalko luke aurrera

Imanol Murua Uria.
2008ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
EAren eta Aralarren babesik gabe, EAE-ANVko alkateen aurkako zentsura mozioak onartzeko aukera sei udaletan baino ez dute izango ekimenaren sustatzaileek, baldin eta azkenean aurkezten badituzte: Antzuola, Arrasate, Legazpi, Pasaia, Soraluze eta Villabona. Eta Arrasaten egin asmo duten bezala Ezker Batuko eta Zutik-eko hautetsiek zentsura mozioak babesten ez badituzte, udal bakarrean baino ez luke lortuko gehiengo osoa EAE-ANVko alkateen aurkako ekimenak: Soraluzen.

EAE-ANVk 43 alkatetza ditu, 24 gehiengo osoarekin eta 19 gehiengo sinplearekin. Zentsura mozioak aurkeztea posible litzatekeen udal horien artean, Soraluzen bakarrik osatzen dute gehiengo osoa EAJk, PSE-EEk eta PPk, oraingoz zentsura mozioak babesteko prest agertu diren hiru alderdiek. 11 hautetsiko udal honetan, alkatea eta beste bi hautetsi baino ez ditu EAE-ANVk, eta sei hautetsi dituzte EAJren (3), PSE-EEren (2) eta PPren (1) artean. EAko bi zinegotzien ezezkoarekin ere, beraz, mozioak aurrera egingo luke eta EAJko alkatea izango luke berriro Soraluzek.

Baina salbuespena da. Zentsura mozioaren proposamenak gehiengoaren babesa lortzeko aukera izan dezakeen beste bost udaletatik lautan EBko hautetsien botoa beharko dute, EAE-ANVri alkatetza kentzeko. Eta, jakina denez, tokian tokiko herri batzarrek erabakiko dute EBko zinegotziek nola jokatuko duten, EBko zuzendaritzak esaten duena esaten duela. Izan ere, EBko zuzendaritzak Arrasateko zentsura mozioa sostengatzearen alde egin du, baina Arrasateko EBk kontrako iritzia du. Jarrera horri eutsiz gero, Ino Galparsororen aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egingo.

Antzeko atakan izango dira Legazpiko, Pasaiako eta Villabonako EBko hautetsiak, EAJk edota PSE-EEk zentsura mozioak aurkezten badituzte herri horietan. EB-Aralar koalizioaren zerrendan aukeratu zituzten zinegotzi, baina EBkoak dira guztiak, Legazpiko independente bat salbu.

Pasaian, Arrasaten bezala, PSE-EEri dagokio ekimena hartzea, eta PSE-EEkoa litzateke alkate berria, mozioak aurrera eginez gero. Baina bederatzi hautetsiren sostengua beharko dute horretarako, eta baten faltan izango dira PSE-EE (5), EAJ (2) eta PP (1). Ezker Batuak luke azken hitza, EAk bezala zinegotzi bat duenez.

Legazpin eta Villabonan EAJri dagokio ekimena hartzea eta, mozioak arrakasta izanez gero, alkatetza hartzea, baina zazpi hautetsiren babesa beharko dute horretarako, bietan. Legazpin bost dituzte EAJk (3) eta PSE-EEk (2), eta EB alderdiko zinegotziaren babesa ez ezik, EB-Aralar zerrendako beste hautetsiaren sostengua ere beharko lukete, eta hau ez da ez EBkoa ez Aralarrekoa, independentea baizik. Villabonan, aldiz, sei osatzen dituzte EAJk (5) eta PSE-EEk (1), eta EBko bakarrarena izango da azken erabakia, zentsura moziorik aurkezten baldin badute.

Zentsura mozioak teorian aurrera egiteko aukera izan dezakeen beste herrian, Antzuolan, Zutik-eko bi zinegotziena izango da azken hitza, EB-Aralar-Zutik koalizioan aurkeztuagatik alderdi horretakoak baitira biak. Hauen botorik gabe, lau baino ez dituzte izango EAJk (3) eta PSE-EEk (1), eta sei beharko dituzte.



EA-REN ETA ARALARREN BEHARRA. EAE-ANVk gehiengo sinplearekin agintzen duen beste udal gehienetan zentsura mozioek ez daukate aurrera egiterik, EAko eta Aralarreko hautetsiek jarreraz aldatzen ez badute behintzat. Izan ere, zentsura mozioa aurkeztea posible litzatekeen hemeretzi herrietatik bederatzitan derrigorrezkoa da EAko eta Aralarreko zinegotzien babesa, edo bietako batena behintzat: Azpeitia, Bera, Bergara, Eskoriatza, Gautegiz Arteaga, Hernani, Urretxu, Usurbil eta Zestoa daude egoera horretan.

Azpeitian, Beran, Gautegiz Arteagan eta Zestoan EAJ bakarrik egongo litzateke zentsura mozioaren defentsan, ez PSE-EEk, ez PPk ez EBk ordezkaritzarik ez baitute udal horietan. Azpeitian, EAJko zortziek EAren (2) nahiz Aralarren (1) babesa beharko lukete, biak gobernu taldean daudenean, EAE-ANVrekin (6). Beran ere EAren (3) eta Aralarren (2) laguntza beharko luke EAJk, bi zinegotzi izanik lau falta baitzaizkio gehiengo osorako. Zestoan eta Gautegiz Arteagan giltza EAk du, EAE-ANVz eta EAJz gain, ordezkaritza duen alderdi bakarra baita, bi hautetsirekin Zestoan eta bakarrarekin Arteagan.

Bergaran, Eskoriatzan, Hernanin, Urretxun eta Usurbilen ere kontuak ez zaizkie ateratzen zentsura mozioa aurkeztu nahi luketenei. Bergaran bederatzi boto behar dira gehiengo osorako eta, EAJk (5) eta PSE-EEk (2) zazpi osatzen dituztenez, Aralarren hirurak erabakigarriak dira. Eskoriatzan sei hautetsi behar dira gehiengo osorako, eta EAko bi hautetsien sostengurik gabe ezinezkoa izango da, EBko (1) eta hautagaitza independenteko (1) hautetsiek EAJrekin (2) eta PSE-EErekin (1) bat eginda ere.

Hernanin oposizio osoak bat egin beharko luke: bederatzi boto beharko lituzkete, baina EAk bi zinegotzi dituenez, hauen ezezkoa aski da ekimena bertan behera gelditzeko, EBko zinegotziak egiten duena egiten duela. Usurbilen ere zentsura mozioa oposizio osoak bultzatu beharko luke, baina EAJk eta PSE-EEk hautetsi bana besterik ez dute, EAk (3) eta Aralarrek (2) baino gutxiago. Urretxun zazpi boto behar dira gehiengo osorako eta, EBko hautetsiak zentsura mozioaren alde egingo balu ere, baten faltan izango lirateke PSE-EE (3) eta EAJ (2), EAko hiruek babestuko ez dutenez.



INDEPENDENTEEN ESKU. Beste lau herritan, Elorrion, Igorren, Belauntzan eta Larraunen, hautagaitza independenteen esku legoke zentsura mozioak aurkeztea edo ez.

Elorrion, Elorrioko Herritarren Aukera (EHA) hautagaitza independenteko hautetsiaren botoa beharko dute EAJk (5) eta PSE-EEk (1) gehiengo osoa osatzeko, baina nekez lortuko dute, hain zuzen ere EHAko zinegotziaren botoa ere jaso baitzuen Niko Morenok, EAE-ANVko seiez gain, alkate aukeratu zutenean.

Antzeko egoeran daude Igorren ere: Igorre Danontzat (ID) zerrendako bi zinegotziren babesari esker du alkatetza EAE-ANVk, lau zinegotzirekin bigarren indarra den arren.

Belauntzan eta Larraunen oso bestelakoa da egoera: zentsura mozioak aurkezteko asmoa duten alderdiek ez dute batere hautetsirik, eta hautagaitza independenteek nekez hartuko dute zentsura mozioak aurkezteko ekimena.



EAE-ANV-ren aLKaTeTzaK, GeHIenGo sInPLeareKIn

Bizkaia



Elorrio

EAE-ANV6

EAJ5

PSE-EE1

EHA 1

Giltza: EHA



Gautegiz Arteaga

EAE-ANV 3

EAJ 3

EA 1

Giltza: EA



Igorre

EAJ5

EAE-ANV4

Igorre Danontzat2

Giltza: ID



Gipuzkoa



Antzuola

EAE-ANV5

EAJ3

EB-Aralar-Zutik2

PSE-EE1

Giltza: Zutik



Arrasate

EAE-ANV7

PSE-EE4

EAJ4

EB-Zutik3

Aralar1

PP1

EA1

Giltza: EB eta Zutik



Azpeitia

EAJ8

EAE-ANV6

EA2

EB-Aralar 1

Giltza: EA eta Aralar



Belauntza

ANV3

Lagun Artean2

Danok Bat2

Giltza: Independenteak



Bergara

EAE-ANV6

EAJ5

Aralar3

PSE-EE2

EA1

Giltza: Aralar



Eskoriatza

EAE-ANV4

EAJ2

EA2

Elizateak1

PSE-EE1

EB-Aralar1

Giltza: EA



Hernani

EAE-ANV8

PSE3

EAJ2

EA2

PP1

EB-Aralar1

Giltza: EA eta EB



Legazpi

EAE-ANV3

EAJ3

EA3

PSE-EE2

EB-Aralar2

Giltza: EA edo EB



Pasaia

EAE-ANV7

PSE-EE5

EAJ2

PP1

EA 1

EB-Aralar1

Giltza: EA edo EB



Soraluze

EAE-ANV3

EAJ3

PSE-EE2

EA2

PP1

Giltza: EAJ, PSE eta PP



Urretxu

EAE-ANV4

PSE-EE 3

EA3

EAJ2

EB-Aralar1

Giltza: EA



Usurbil

EAE-ANV6

EA3

Aralar2

EAJ 1

PSE-EE1

Giltza: EA eta Aralar



Villabona

EAE-ANV6

EAJ5

PSE-EE1

EB-Aralar1

Giltza: EB



Zestoa

EAE-ANV5

EAJ4

EA2

Giltza: EA

NAFARROA

Bera

EAE-ANV4

EA3

Aralar2

EAJ2

Giltza: EA eta Aralar



Larraun

Larraundarrak3

Larraungo Elkartea3

EAE-ANV2

Aralar1

Giltza: Independenteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.