Xabier Makazagaren El manual del torturador español liburuaren (Txalaparta, 2009) aurka hainbat komunikabidek eta alderdi politikok abian jarritako kanpaina salatu dute Euskal Herriko 104 liburuzainek. Hedabideetara igorritako adierazpen batean, «haserrea» agertu dute, eta adierazi dute euren lanean ez dutela «ez zentsurarik ez politikarien esku-hartzerik» onartuko.
Makazagaren liburua Hego Euskal Herriko 30 liburutegitan zegoela salatu zuten Espainiako bi egunkarik duela aste batzuk. Iragan astean, berriz, Carlos Urkijo PPko legebiltzarkideak galdera bat egin zuen Eusko Legebiltzarrean, Kultura sailburuarentzat, liburu hori zenbat liburutegik zuten jakinarazi zezan; era berean, liburua liburutegietatik kentzeko eskatu zuen. Blanca Urgell Kultura sailburuak, baina,erantzun zion ezin zuela liburua kentzeko neurririk hartu, eta eskumena udalei zegokiela nabarmendu zuen. Egun batzuk lehenago, Basauriko Udalak (PSE-EE) liburua liburutegitik kentzeko agindu zuen.
Erabaki eta adierazpen horien aurka berehala erantzun dute argitaletxeko zuzendari Jose Mari Esparzak eta liburuaren egile Xabier Makazagak. Liburua Interneten doan plazaratzeko asmoa agertu dute, halaber.
Liburuzainek gogora ekarri dutenez, ez da lehenengo aldia politikariak euren lanean sartzen direla. Iaz, adibidez, BERRIA eta Gara egunkariak Iruñeko eta Barañaingo hainbat liburutegi publikotatik kentzeko agindu zuten hango agintari politikoek.
Ipuin bat ere bai
Aniaiz Ariznabarreta irailean atxilotutako ezker abertzalekomilitantearen mutil-lagunak idatzitako ipuin bati emandako saria kentzeko agindu du Durangoko Udalak -ipuina ez argitaratzea erabaki du-. Emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako egunaren karietara, Udalak antolatutako ipuin lehiaketan saritu zuten lana. Ipuinean, Ariznabarretak salatutako torturak jasotzen dira. Egileak Interneten jarri du bere lana.
Zentsurarik ez dutela onartuko adierazi dute liburuzainek
Makazagak torturari buruz idatzitako liburua liburutegietatik kentzeko kanpaina salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu