Europako Batzordeak joan den otsailean aurkeztu zuen Finantza Salerosketen Zergaren (FTT, ingelesez) proiektua. James Tobin ekonomialariak espekulazioa trabatzeko proposatu zuen tasan oinarritutako egitasmoa da. Hauek dira proiektuaren ezaugarri nagusiak:
1. Zeintzuk dira tasa berriaren helburuak?
Hiru aipatu ditu Algirdas Semeta EBko zerga eta aduana komisarioak. Lehenik eta behin, herrialde bakoitzak finantza transakzioei tasa ezberdinak jartzea eragotzi nahi du. Bigarrenik, finantza sektoreak administrazio publikoei ekarpen «bidezkoa» egin eta krisiaren faktura ordaintzen lagunduko duela bermatzea. Azkenik, ekonomiari eta merkatuen eraginkortasunari laguntzen ez dioten transakzioak trabatzea. Hots, espekulazioa zigortzea.
2. Nolako jarduerak zergapetuko dira?
Tasaren oinarria oso zabala izatea da helburua, eta hori lortzeko, finantza erakundeek salerosten dituzten produktu, merkatu eta tresna gehienak aintzat hartzen ditu, betiere tasa ezarriko duten 11 herrialdeekin zerikusia dutenean.
3. Zenbat ordainduko da tasaren ondorioz?
Bi tasa ezartzea proposatu du Bruselak, baina azken erabakia herrialdeek izango dute. Alde batetik, %0,1 izango da akzioak eta bonuak salerosten direnean. Bestetik, %0,01 ordainduko dute deribatuetan egiten diren tratuek. Salerosketan parte hartzen duen banku eta finantza erakunde guztiek ordaindu beharko dute zerga.
4. Herritarrek tasa ordainduko dute?
Hiritarren eta enpresen eguneroko finantza jarduerak ez dira zergapetuko. Besteak beste, aseguru kontratuak, hipotekak eta maileguak, kreditu txartelen bidezko transakzioak eta gordailuak. Era berean, kapitala biltzeko ekimenek ere ez dute ordainduko. Esaterako, akzioen eta bonuen lehen salmenta. Salbuetsita daude, halaber, Europako Banku Zentralarekin eta erreskate funtsekin egiten diren finantza transakzioak ere.
5. Bankuek bezeroei faktura pasatzea posible da?
EBren proposamenak soilik finantza erakundeen arteko tratuak zergapetzen ditu. Bruselak kalkulatu du finantza salerosketen %85 inguru halakoak direla. Edonola ere, baliteke bankuak bezero arruntari kobratu nahi izatea, baina EBk argudiatu du ez litzatekeela «neurrigabea» izango. Hala, 10.000 euro akziotan erosten duen bezeroak, asko jota, 100 euro ordainduko lituzke.
6. Zein herrialdetan jarriko da martxan?
Europako itunek aukera ematen dute lankidetza esparru indartuak eraikitzeko, gutxienez bederatzi herrialdek hala erabakitzen dutenean. Bide hori erabiliko da tasa martxan jartzeko. Oraingoz, 11 herrialdek onartu dute: Alemania, Austria, Belgika, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Estonia, Frantzia, Grezia, Italia eta Portugal. EBko ekonomiaren bi heren ordezkatzen dituzte. Aurrerago beste herrialderen batek parte hartu nahiko balu, taldean sartzeko aukera izango luke. Barne arazo politikoak direla-eta, Eslovenia azken akordioetatik kanpo geratu da, oraingoz.
7. Tasaren bidez zenbat diru biltzea espero da?
Europako Batzordeak espero du urtero 30.000 eta 35.000 milioi euro bitartean lortzea. Diruaren bi heren deribatuen merkatutik aterako litzateke.
8. Ekonomia errealean eragina izango du?
Luzera begira, zerga berriak ekonomiaren hazkunde orokorrari %0,28 kenduko lioke, baina hortik lortzen den diruaren erabilera egokiak herrialdeetako barne produktu gordinari bi hamarren gehitzea ere posible ikusten du EBk.
9. Zertarako erabiliko da zergaren dirua?
Tobin tasa global baten aldeko mugimenduek herrialde txiroen garapenerako baliatzea defendatu izan dute. Europaren asmoa ez da hori, ordea. Bruselak proposatu du EBko aurrekontua osatzeko erabiltzea, edo herrialde bakoitzeko kontuak orekatzeko eta hazkundea sustatzeko inbertsioak egiteko baliatzea. Azken erabakia parte hartzen duten gobernuen esku geratuko da.
10. Badago bankuek alde egiteko arriskurik?
Tasa mundu mailan edo, behintzat, Europa osoan hartu ez izanaren arriskua gutxitzeko, bi neurri jakin hartu nahi ditu EBk. Transakzioa non gertatzen den axola gabe, nork egiten duen izango da erabakigarria. Salerosketa egiten duen bankua tasa duten 11 herrialdeetakoa izanez gero, ordaindu egin beharko du, nahiz eta eremu horretatik kanpo egin. Horrekin batera, salerosten den aktiboaren jatorria aintzat hartuko da. Aktiboa 11 herrialde horietakoa izanez gero, zergapetu egingo da. Demagun Erresuma Batuko banku batek Suediako bati Alemaniako bonu batzuk saltzen dizkiola. Aktibo hori Alemanian jaulki zenez, bi bankuek zerga ordaindu beharko lukete.
11. Noiz egongo da indarrean araua?
2014. urteko hasieran zerga indarrean egotea zen Bruselaren asmoa. Haatik, orain herrialdeek eztabaidatuko dute. 27 herrialdeek dute eztabaidan parte hartzeko aukera, baina ezarri nahi duten 11ek aho batez araua onartzea behar da. Herrialde horiek 2016. urteko urtarrilaren 1ean indarrean jartzea adostu dute, baina eragin mugatu batekin.