Hainbat neurri hartu behar ditu Nuclenorrek Garoña irekitzeko:
1. Erreakzio nuklearrari eusteko barneratzeen isolamendua. 2013an erregaia berritu eta zentrala martxan jarri aurretik hobetu behar zuen azpiegitura hori, 2009an CSNk aginduta. Egiaztatzeko dago egin duela, 2012tik ez baitute zentrala piztu.
2. Sistema elektrikoa. Gaurkotutako araudia bete behar zuen iazko. CSNk 2009an agindu zion neurri hori ere. Ez dago egiaztatuta egin duenik.
3. Tresneriaren eta segurtasun sistemaren babesa suteen aurka. 2013rako, gaurkotutako araudia bete behar zuen, CSNk 2009an agindu zionari jarraituz. Lan hori egin duela egiaztatu gabe dago.
4. Lurrikaren aurkako segurtasuna. 2012ko bukaerarako egoeraren azterketa egin behar zuen, eta 2014rako zehaztutako hobekuntzak gauzatu beharra zeukan. Fukushimako estres azterketen ondorioz eskatutako neurria da hori.
5. Argindarrik gabe denbora luzez geratzeko arriskuei aurre egiteko baliabideen hobetzea. 2012an egoeraren azterketa egin behar zuen; aurten, baliabideen bermea erakutsi.
6. Larrialdietako komunikazio sistemak. 2015erako egon beharko dute martxan behin betiko sistemek, baina 2013a bukatu aurretik zentralak behin-behineko sistemak zehaztu behar zituen.
7. Muturreko larrialdietan erreaktorea hozteko neurriak. 2013a bukatu aurretik, erreaktorearen ontzia eta beste elementu batzuk hozteko sistemek prest egon behar zuten.
8. Erabilitako hondakin nuklearra gordetzeko ur andelak. Hondakin nuklearrak biltzeko, ur andeletan ura berritzeko ordezko sistema jarri behar zuten 2014rako.
9. Ebrora isuritako ura hozteko dorreak. Greenpeacek salatu zuen Garoñak isuritako ur beroak Ebro ibaiko tenperatura igotzen zuela. Ingurumen Ministerioak agindua dio hozte dorreak jartzeko zentrala martxan jarri aurretik.