Portu eta Sarasolaren (orain bai) torturatzaileen aurkako epaiketa hasi bezperan «Rubalcaba (ere) akusatuen aulkian (I)»analisia idatzi nuen, bukaeran epaia ezagututakoan bigarren zatia aginduz. Aurreikuspenak bete dira eta lau guardia zibil kondenatu ditu epaimahaiak. Epaimahaiak eskutan zeuzkan frogak eta epaiketaren bilakaerak askori pentsarazi ziguten kondena izango zela; duda izan zitekeen zenbat kondenatu izango ziren eta zein neurritan. Argitu da, lau kondenatu eta kartzela zigorra hainbat urtetarako.
Alde askotatik azter liteke epaia;politikoa da gaur niri, espero dut bakarra ez izatea, gehien interesatzen zaidana. Jakina da, baina komeni da gogoratzea gai batzuetan oroimen arazoak dauzkatenentzat, Espainiako Barne ministro Rubalcabak guardia zibilen (ustezko torturatzaileak orduan, eta konbiktuak orain) defentsa sutsua egin zuela, nahiz ordurako ezaguna zen, meritu handiko filtrazio baten ondorioz, Donostiako Ospitaleko larrialdietako medikuen txosten argigarri eta dudaezina.
Rubalcabak bere prestigioa jarri zuen mahai gainean, eta defentsa irmoa egin. Gezurra zen salaketa, hark horrela zioelako.
Etorri da sententzia, eta sententziarekin kondena. Lau kondenatu zenbatu genituen denok atzo; bat gehiago dago ordea: Rubalcaba ministroa. Ez da ageri sententzian, ez zelako akusatuen aulkian eseri; baina bera da kondenatu nagusia. Okerreko zaldiaren aldeko apustua egin zuen, herren zebilela jakinda. Eta denok ondo dakigu zer gertatzen den dena zaldi bakarrera jokatzen duenarekin. Galdu egiten duela.
Zer gertatuko da orain Rubalcabarekin? Izango ote du ondorio kaltegarririk duela bi urte jarrera hura hartu zuen ministroarentzat? Espainian ez, seguru. Eta Euskal Herrian?
Tortura oso gauza larria da denon iritziz, politikarientzat, erakundeetako arduradunentzat, giza eskubideen aldeko erakundeentzat... Oso larria, hitzez behintzat. Orain daukate/daukagu torturaz esaten duten hori benetan sinesten dutela frogatzeko aukera. Segituko du Rubalcabak interlokutore politikoa izaten alderdi abertzale eta abertzaleen esku dauden erakundeentzat? Eta Rubalcaba karguz kenduko ez duen Espainiako Gobernuarekin tratua normalizatua izango da?
Demokratak/ez demokratak nominalizazioa horren gustuko dutenek, zein multzotan sartuko dute Rubalcaba sententziaren ondoren?
Segituko du, utziko diogu segitzen, Rubalcabak besteei demokrazia lezioak ematen? Eta hauteskundeetara nor aurkez litekeen eta nor ez, hori ere Rubalcabak erabakiko du hemendik aurrera?
Tortura benetan larria bada, esaten den bezala, lakra bat bada, aukera paregabea dago nor bere lekuan uzteko. Sententziak ez badauka ondoriorik, Euskal Herrian behintzat, gaizki gabiltza.
Zer egingo dugu Rubalcabarekin? (II). Analisia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu