Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako hautagaiek euskararen normalizazioari buruz hartu dituzten konpromisoak bildu ditu webgune batean: www.aginduazor.eu-n.
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak dio alderdi edo koalizio guztiei bidali zietela euren proposamena, "hizkuntz politika egokia gauza dezaten". Izan ere, Bilbaoren arabera, "azken hilabeteotan argitaratutako datuek erakutsi digute nahitaezkoa dela hizkuntz politika aldatzea eta neurri eraginkorrak hartzea. Normalizazio prozesuaren erritmoa azkartu behar dugu gure hizkuntza berreskuratuko badugu eta gure herrian euskaraz bizi ahal izatea errealitate bihurtzeko".
Kontseiluak herritarrei eskatu die hautagaiek hartutako konpromiso horien arabera bozka dezatela igandean.