Zer, nora eta noiz, sakelakoan begiratuta

2013ko martxoaren 22a
08:57
Entzun

Hondakin bakoitza zein edukiontzitara bota behar den, eta edukiontzi hori noiz atera behar den jakiteko, sakelakorako Gaika aplikazioa kaleratu dute; atez ateko bilketa, edukiontzi bidezkoa edo autokonposta egiteko informazio zehatza bildu dute, zalantzak argitzeko.

Birziklapen datuak gora egitea da hondakinen bilketan helburu nagusia, hondakinak biltzeko sistema edozein dela ere. Hala, Bilketa taldeko kideek sakelakorako Gaika aplikazioa sortu dute, hondakin mota bakoitza zein edukiontzitara bota jakiteko eta birziklapena sustatzeko. Martxoaren 5etik dago eskuragarri aplikazioa Android sistema duten sakelakoetaako, eta, atez ateko eredua zein bost edukiontzien bidezko bilketa kontuan hartuta, hondakin bakoitza nola sailkatu zehazten du. Ios sistemarako ere garatzen ari dira aplikazioa, baina oraindik ezin da eskuratu.

Aplikazioa deskargatu eta herria aukeratzea da lehen pausoa. Oraingoz, Astigarraga, Hernani, Oiartzun, eta Usurbil daude aukeran, eta aste honetan bertan Legorreta, Itsasondo, Zaldibia eta Antzuola gehituko dituzte zerrendara. Apirilean Lezo sartuko dute, eta poliki-poliki joango dira osatuz Gipuzkoako herrien zerrenda —Ormaiztegi, Legazpi, Segura... sartuko dituzte, adibidez, datozen hilabeteetan—. Luze gabe, Nafarroako Bortzirietako herriak sartuko dituzte, eta, etorkizunean, Euskal Herri osoko herriak sartzea da helburua.

Hizkuntza ere aukeratu daiteke; Bea Lasagabaster Bilketa taldeko kideak azaldu duenez: "Euskaraz, gaztelaniaz eta katalanez dago erabilgarri aplikazioa, eta frantsesezko bertsioa ere bidean da". Frantsesezkoa sortzen ari dira, baina ez dute zehaztu noiz egongo den erabilgarri.

Herria aukeratuta, herri horretan dagoen hondakin bilketa zehaztuta agertzen da —atez atekoa edo edukiontzi bidezkoa—, eta, atez ateko bilketaren kasuan, hondakin mota bakoitza zein egunetan eta zein ordutan jasoko duten zehazten da egutegi baten bidez. Gainerakoan, dozenaka produktuz osatutako zerrenda egin dute, "etxeetara banatu dituzten liburuxketatik eta jada atez ateko bilketa martxan den herrietan jasotako informazioarekin". Gai bakoitza zein ontzitara bota jakiteko, nahikoa da izenaren gainean klikatzea. 

Gauzak "errazteko"

Hondakinak biltzeko moduak herri bakoitzera egokitzen ari direla ikusita elkartu ziren Bea Lasagabaster, Josu Igoa eta Mikel Harreguy. "Jendeak ez du oso argi hondakin bakoitza zein edukiontzitara bota behar den, eta zalantza horiek argitzeko asmoarekin hasi ginen aplikazio lantzen", zehaztu du Lasagabasterrek. Denbora librea horretan eman dute azken hilabeteetan Bilketako hiru kideek.

Hiru aste dira aplikazioa erabilgarri dagoela, eta hainbat akats identifikatu dituzte denbora honetan. Hala, aplikazioa erabiltzen dutenek ere lagundu dezakete aplikazioa osatzen. Falta diren gaiak proposatzeko eta dauden akatsak jakinarazteko [email protected] helbidera idatzi behar da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.