Zerbitzu publikoak ez urritzeko eskatu, eta 29ko grebara deitu dute Iruñean

Manifestazioa egin dute LAB, ELA eta EILAS sindikatuek deituta, eta protesta gehiago iragarri dituzte hilaren 21erako

Murrizketen kontrako manifestazioaren burua, Sarasate pasealekuan sartzen. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
2012ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Zerbitzu publikoetan mozketarik ez egiteko, eta funtzio publikoko langileei baldintzak ez kaskartzeko. Bi eskakizun horiekin, manifestazio bat antolatu zutenEILAS, ELA eta LAB sindikatuek atzorako, Iruñean, eta «oso erantzun ona» jaso zuen deialdiak, Isabel Artieda LABeko kidearen esanetan. Manifestazio bukaeran Sarasate pasealekua bete egin zela adierazi dute antolatzaileek, eta «gutxienez» 4.000 bat lagunek bat egin zutela manifestazioarekin. Martxoaren 29ko grebarekin bat egiteko ere eskatu diete herritarrei.

Autobus geltokitik abiatu zen protestaldia, 17:30 pasatxo zirela. Manifestazioaren buruan, Zerbitzu publikoak garatu, murrizketarik ez! idatzia zuen pankarta, eta guraizeak debekatzen dituen ikurra —gero eta ezagunago egiten ari da ikur hori—. Pankartari helduta joan ziren sindikatuetako ordezkariak eta manifestazioarekin bat egin zuten dozenaka taldeetako ordezkariak: irakasleak, Osasunbideko langileak...

Administrazio publikoarekin negoziatzeko mahai orokorretik altxatu egin ziren ELA, LAB eta EILAS orain bi aste, eta baldintza argi bat jarri dute: berriz negoziatzen hastekotan, iragarritako murrizketa guztiak bertan behera utzi beharko ditu Nafarroako Gobernuak.

Isabel Artiedak esan duenez, funtzio publikoko langileen «gizarte eta lan eskubideak bertan behera gelditzen ari dira» gobernua hartzen ari den neurriekin. Lanpostu batzuk bete gabe daude; lan eskaintza publikorik ez du egingo gobernuak —Madrilgo gobernuaren aginduari jarraituz, Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi ditu lan eskaintza publikoak—; langileen ordezkapenak ere ez dira betetzen... Lanean ari direnak lanez zamatu, eta eskaintza moteldu eta okertzen du horrek, Artiedaren hitzetan. Beraz, gobernuaren erabakiek badute beste ondorio bat: «Neurri horiengatik guztiengatik, eremu publikoa desegiten ari da».

Artiedak ohartarazi du gobernuak baduela guraizeak sartzeko beste lekurik zerbitzu publikoetan murrizktak egin aurretik: «Nafarroan badira neurriz gaineko gastu batzuk, eta horietan egin zitezkeen murrizketak. Esate baterako, egituretatik egin daitezke mozketak, eta enpresa publikoetan konfiantzazko karguak dituztenek jasotzen dituzten soldata ikaragarrietatik». Osasun arloari eta hezkuntzari baliabideak urritzea baino hobea litzateke hori, Artiedaren esanetan.

Manifestazioaren amaieran, antolatzaileek jakinarazi zuten martxoaren 21ean elkarretaratzeak egingo dituztela Iruñean eta beste hainbat herritan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.