Krisialdi ekonomikotik irtetea bere lehentasuna dela erakutsi nahi du Patxi Lopez PSE-EEko lehendakarigaiak hauteskunde kanpainan. Egin nahi duen bidean bakarrik ez dagoela, eta enpresa eta finantza alorreko ordezkarien babesa baduela ere irudikatu nahi du. Izan ere, Gasteizko hotel ezagun batean bildu da Lopez bere «ekonomia taldearekin», neurri ekonomikoez eztabaidatu eta hausnartzeko. Besteak beste, Aernnova, ITP, Naturgas eta Vital Kutxako buruekin bildu da. Haiekin izandako hartu-emana «emankorra» izan da, azken hiru urteotan Eusko Jaurlaritzak enpresa munduarekin izan duen «sintonia onaren» erakusle, Lopezek azpimarratu duenez.
Luze joan da batzarra, eta berandu iritsi da PSE-EEko lehendakarigaiakazetariak dauden aretora. Haiei azaldu die zein izango den bere lehentasun nagusia Ajuria Eneari eusten badio: ezer baino lehen, hazkunde ekonomikoa lortzeko eta enplegua sortzeko «herri akordio zabala» lortzen saiatuko dela jakinarazi die. Instituzio, alderdi politiko eta eragile sozioekonomikoekin lotu nahi du itun hori, azaldu duenez. Nagusiki, bi helburu lituzke akordio horrek, haren esanetan: batetik, zerga politika erreformatzea, hura «zuzenagoa eta eraginkorragoa» izan dadin, eta, bestetik, EAEko erakundeen zerbitzu bikoiztasuna aztertzea, «benetako beharrizanei» erantzuna emateko.
Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak ere enpleguaren alde herri gisako akordio zabala egitea proposatu izana kritikatu du Lopezek, hauteskunde kutsua duelakoan. «Azken hiru urteotan PSE-EEk akordio zabala lortzeko egindako ahalegin oro boikotatu dituzte jeltzaleek, eta orainbadirudi itunek soilik balio dutela haiek proposatzen dituztenean».
Herritarrak, erdigunean
Goizean Gasteizen, eta arratsaldean Sestaon (Bizkaia) izan da PSE-EEko lehendakarigaia. Hauteskunde programaz hitz egiteko joan da Ezkerraldera. Kalean egin du ekitaldia: aurrean mahai luze bat duela eta herritar ugari eserita, proposamenak trukatzen. PSE-EEk gobernatu nahi duen moduaren «metafora» da mahai hori, Lopezek esan duenez: «Herritarrekin batera agindu nahi dugu, eta herritarren arazoak konpondu nahi ditugu».
Izan ere, «parte hartzea» PSEren jardun politikoaren ardatzetako bat izango da, eta hauteskunde programa da horren isla: «Batzuek herritarrei bizkarra emanda egin dituzte hateskunde programak, baina sozialistok prozesu irekia eta parte hartzailea erabili dugu». Herritarrengan konfiantza du Lopezek, gainera: «Herritarrek badakite PSE-EEk azken lau urteotan gobernuan lan eraginkorra egin duela».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
Zerga politika aldatzea eta bikoiztasuna aztertzea hitzartzen saiatuko da Lopez
Ajuria Eneari eusten badio herritarren parte hartzea bermatuko duela esan du PSEko lehendakarigaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu