Patxi Lopez jarduneko lehendakari eta PSE-EEko lehendakarigaiak iragarri du Lehendakaritzara iritsiz gero, "akordio zabala" bilatuko duela erakundeetako ordezkari eta alderdiekin krisiari aurre egiteko. Besteak beste, zerga politika erreformatzeko eta EAEko erakundeen zerbitzu bikoiztasuna aztertzeko bilatu nahi du ituna lehendakariak. Finantza eta ekonomia alorreko ordezkaritza batekin batzartu eta gero egin du iragarpena Lopezek.
Hazkunde ekonomikoarekin eta enpleguarekin "erabateko konpromisoa" duela erakusteko, enpresa eta ekonomia alorreko ordezkaritza zabal batekin bildu da gaur goizean Patxi Lopez jarduneko lehendakaria eta PSE-EEko lehendakarigaia, Gasteizen. Ekonomia suspertu eta enplegua sortzeko aurrera begira dauden "erronkei" heldu nahi die Lopezek datozen lau urteetan, eta besteak beste, "akordio zabala" bilatu nahi du instituzioetako ordezkariekin eta alderdi politikoekin.
"Krisiaren aurkako itun handia bilatu nahi dut, hazkunde ekonomikoa bilatuko duen itun handia", adierazi die komunikabideei. Akordio horren bitartez, besteak beste, zerga politika erreformatu eta EAEko erakundeen zerbitzu bikoiztasuna aztertu nahi duela azaldu du PSE-EEko lehendakarigaiak.