Konplexua da oso teknologia berritzaileen eta, batik bat, haririk gabeko telefonien eremu elektromagnetikoek sistema biologikoengan duten eragina neurtzea, erradizio sistemek frekuentzia ezberdinetan jarduten dutela aintzat hartuz. Ustezko eragin kaltegarri hori neurtzeko ezintasuna bertatik bertara ezagutu du Agustin Bocos abokatuak, atzo EHUko Udako ikastaroetan azaldu legez. Eremu elektromagnetikoek osasunean eragin dien kaltea salatu duten herritarrak defendatu izan ditu honek azken hamabost urteotan.
Ikerketa zientifikoek ezin izan dute kalteen kausazko eragina frogatu oraino, eta are atzerago doa legeria, «ezegokia eta eskasa» baita, abokatuaren hitzetan. Zientzialarien komunitatean ere ez dago inolako iritzi adostasunik; zientzialariak ez datoz bat teknologia berritzaileek gizaki eta animaliengan izan lezaketen eraginari buruz. Efektu hori zelula mailatik hasi eta maila sozialeraino aztertu izan da. Edonola ere, eremu elektromagnetikoek osasunean sor lezaketen kaltearen gaineko eztabaida pil-pilean egon da 1960ko hamarkadaz geroztik, eta bero-bero jarraitzen du azken urteotako asmakuntza teknologikoen eraginez.
Kalte bakarra frogatu da gaur arte, erradiofrekuentzien etengabeko xurgatzearen ondorio denberotze efektua, alegia. Bi egitatetan oinarritzen da froga: batetik, mikro uhinek energia garraitzen dutela; bestetik, sistema biologikoek potentzial-diferentzia elektrikoa izanik, kanpo korronteekiko itzelezko sentiberatasuna dutela. Uhin elektromagnetikoen antena hartzaile gisa jokatzen du ondorioz gorputzak. Baina, ezin dugu pentsatu eremu elektromagnetikoek osasuna automatikoki kaltetzen dutenik, Miramarreko jardunaldian agerian gelditu denez. Izan ere, diagnosietarako eta terapiarako ere erabili ohi dira.
Ikerketen zantzuei so
Eremu elektromagnetikoek osasun eta ingurumenarekiko kaltea eragin dezaketela zientzialari askok irizten dutela nabarmendu du Bocosek. «Tabakoarekin bezala gertatzen ari da» —erantsi du abokatuak— «zenbat urte behar izan ziren minbizia eragin lezakeela frogatzeko? Eremu elektromagnetikoek arriskua eragiten dutela frogatzeko zantzuak izan badira». Oso zaila da kausazko eragina egiaztatzea, baina bada erradiazioen eta minbiziaren arteko denbora eta espazio loturarik. «Hamar bat urte daramatzagu wifiaren gisako teknologia berria erabiltzen, eta 40 edo 50 urte behar izango ditugu osasunean eragin ditzakeen kalteak frogatzeko», iragarri du abokatuak. Agustin Bocosek ez du «kasualitateetan» sinesten, eta luzeegi itxaron baino, nahiago luke erradiazioen arriskua aurreikusi eta saihesten saiatu. Gainera, zalantzan jarri du osasun kaltea jasan dutenek eremu elektromagnetikoen eragina frogatu behar izatea: «Zergatik ez dute frogatzen enpresek igortzen dituzten uhinen arriskurik eza?».
Ez da nahikoa ikertzen baliabiderik ez delako: «Administrazioek ikerketan inbertitzea ezinbestekoa da, eta ez dute halakorik egiten». Telekomunikazio enpresak dira ikerketan gehien inbertitzen dutenak, eta beti jotzen dute ondorio berberera: «Ez dagoela ezer, ez dagoela ezer baieztatzen dute». Diru hori estatuek beraiek jarri beharko luke, beren betebeharra baita, Bocosen iritziz, herritarren osasuna babestea, eta inola ere ez enpresena. Gaiarekiko epaileen sentiberatasuna, baina, areagotu egin dela sumatu du abokatuak, eta hutsune legala egon arren, haien «irudimen juridikoaren» bidez, hiritarrei arrazoia ematen ari direla asko.
Legearen aldaketaren zain
Aldaketarako unea dela argi du Bocosek, eta interes ekonomikoak presioa eragiten ari diren arren, herritarrak aurrez aurre dituztela ohartarazi du: «Legea aldarazteko presioa eragingo dute jendearen salaketek, epaileak alde baitituzte».
Telekomunikazioen«iraultza» inongo erregulaziorik gabe heldu dela irizten du, baina baikor begiratzen dio etorkizunari, eta legea aldatuko dela aurreikusten du, Europako Batasunak hartarako urratsak egin daitezen eskatu baitu, osasuna leheneste aldera. Gainera, aginte lokalek ere ideia hori bere egin dutela goraipatu du: «Udal asko ari zaizkit haien udalerrietako arauak aldatzeko laguntza eske, talde politiko guztietatik». Azken finean, politika kontua ez dela nabarmentzen du Bocosek, «sen on eta sentiberatasun kontua» baizik.
Agustin Bocos. Abokatua
«Zergatik ez dute frogatzen igortzen dituzten uhinen arriskurik eza?»
Teknologia berrien eta, batik bat, haririk gabeko telefonien eremu elektromagnetikoek osasunean duten eragina salatu eta kaltetuak babesten dihardu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu