Zero Zabor Bizkaian plataforman hainbat sindikatu, eragile eta talde ekologista biltzen dira, eta gaur agerraldia egin dute Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren hondakinen kudeaketa eredua salatzeko. Zaldibarko zabortegiaren harira, agerian utzi nahi izan dituzte bertan gertatu diren irregulartasunak, nabarmenduz enpresa pribatu batek kudeatzen zuen arren Eusko Jaurlaritzaren ardura zela jarduera eta araudia betearaztea.
«Zaldibarko zabortegiko luizia ez da istripu bat izan; zaborra izan da jausi dena, ez mendia», azaldu du Miren Basaldua Zero Zabor Bizkaian plataformako kideak. Gertakaria azaldu nahian, luiziaren aurretik izandako irregulartasunen zerrenda bat egin dute. «2015ean, epai batek ohartarazten zuen bezala, zabortegiak baimenik gabeko hondakin arriskutsuak jaso zituen; beraz, ez dakigu zabortegian zer hondakin dauden eta zer egoeratan»: hori izan da aipatutako lehenengo kezka. Administrazioak egindako txosten bat ere aipatu dute, non 2019an zabortegi horrek kalifikaziorik baxuena jaso zuen: «Azaroan, zabortegiari espedientea ireki, eta 30 eguneko epea eman zioten akatsak zuzentzeko. Enpresak ez zituen akatsak zuzendu». Azkenik, baimenak emateko erabili ziren argudioak zalantzan jarri dituzte, «geoteknian adituak diren hainbat pertsonaren iritzia zabortegiaren kokapena egokia» ez zela adieraziz.
Zaldibarko zabortegiaren ezbeharra gertatu eta gero eman diren pausoak ere kritikatu ditu plataformak. «Inprobisatzen ari dira. Ez dago kudeaketa plan bat, eta gertakari honek egoera ikusarazi besterik ez du egin», adierazi du Javier Vazquez elkarguneko kideak. Luiziari aurre egiteko erremintak ez edukitzea Ingurumen Sailak pairatzen duen “utzikeriaren” ondorio dela nabarmendu dute. «Ingurumen Saila baliabidez hornitu behar da, tekniko mota eta kopuru egokiekin».
«Administrazioek galdu duten sinesgarritasuna berreskuratu» dezaten, plataformak zortzi eskaera zehatz egin dizkio Eusko Jaurlaritzari; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gainerako zabortegi guztiei buruzko informazioa ematea izan da eskakizunetako bat. Besteak beste, Zallako (Bizkaia) zabortegian gertatutako suteak eta Mutiloako (Gipuzkoa) zabortegia «ixteko iragarpen susmagarria» aipatu dituzte. Informazio «gardena eta berehalakoa» izan da beste eskaeretariko bat. Vazquezek azaldu duenez, ez dituzte aztertutako partikulen datuak eman, neurketen ondorioak baizik, eta horrek konfiantzarik eza sortzen du herritarrengan. «Argitasuna, gardentasuna eta parte hartzea» eskatu du Zero Zabor Bizkaian plataformako kideak.